Paperekoa

[ZUTABEA] Nolako harremana dugu teknologiekin?

Askotan ez gara konturatzen zenbat balio duen errutinak, egunerokoak… Hortik irtetea tokatzen zaizunean, bizitzak zuretzat prest zeukan erronka horri heldu eta aurrera egin beste erremediorik ez duzunean, baloratzen duzu eguneroko errutina hori, nobedaderik gabe egote hori… sarri sin mas egiten zaigun hori.

Noski, ilusioak izateak, oporrak, planak, erronkak… bizitzari bizipoza ematen diote; baina normalean ez da izaten dena Instagramen ikusten dugun bezalakoa. Gehienetan sareak gauza politak eta bizitza zein ondo doakigun erakusteko erabiltzen ditugu. Ez da nerabeen kontua bakarrik. Gure gaztetxoek horrelako sareetatik jasotzen dituzten ereduak, errespetua ematen didate, zein baloretan oinarritutako gizartea ari gara sortzen?

Azkenaldian pantailen eta sare sozialen inguruan zalaparta dezentea ari da izaten, haurrek eta gazteek dituzten adikzio arazoak, tresna horiek dituzten arriskuak… Baina atentzioa, haur eta gazteen gain dugu, eta gu? Helduok nolako harremana dugu pantailekin eta sare sozialekin? Agian horretan ere pentsatzen hasi beharko genuke. Etxe gutxi egongo dira egun Netflix, Prime Video eta antzerako plataformarik ez dituena telebistan. Ohitu gara iragarkirik gabe telebistarekin eta orduak pasa ditzakegu telesailak ikusten. Eta horiek ikusten ditugun bitartean mugikorra eskuan albisteak irakurtzeko edo sareetan kuxkuxean ibiltzeko.

Teknologiek ere alde onak badituzte; tresna oso egokiak dira hainbat lan egiteko, komunikatzeko… baina agian denok behar dugu, tresna horien abantailez eta arriskuez jakitun izatea; adituek emandako azalpenekin. Teknologiei ateak ezin dizkiegu itxi, ez gara bizi duela 50 urte, baina nik uste helduok ere harreman osasuntsuak eraikitzen hasi behar dugula teknologiekin (mugikorrekin hasi eta etxeetako telebistekin jarraituz). Fokua haur eta nerabeetan dugu jarria, eurek direlako etorkizuna eta benetan arazo larria badagoelako, baina ezin dugu ahaztu, etxeetan ere eredu izan behar dugula helduok, eta haurrei eskatzen dieguna sarri gu egiteko gai ba al garen zalantzak ditut.

Honen guztiaren inguruko adituen azalpenak entzuteko aukera izango dugu datozen egunotan Zestoan, ea hausnarketarako balio digun.

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide