Paperekoa

[ZUTABEA] Olatz Bereziartua. Debalde egiten denak badu baliorik, handia izaki, ondokoari laguntzeko bada

Ugari dira gure herri mailan muxu-truk egiten diren lan, saio eta ekintzak. Gehiengoaren dinamika edo funtzionamendua ondorengoa izan ohi da: gutxi batzuek eszenatokia eraiki eta atontzen dute, ondoren, gainerako jende andanak bertara hurbiltze hutsarekin aletxoa jar dezan.

Modu berean funtzionatzen du gure herrian odol-emaileen taldeak. Bada azken 7 urteotan debalde lanean diharduen 5 emakumek osaturiko taldetxoak, urte osoan zehar datak antolatuz, jendeari dei egin eta agendak atonduz, hurbiltzen garenontzat merienda prestatuz, eta gainerako lanetarako hor dabiltzanak,

herritar guztioi bide eginez, Alonderora agertze hutsarekin ekarpena egiteko aukera izan dezagun.

Herriak horren aurrean duen erantzunaren egoera zein den ezagutzeko, Zestoako datuak eskatu dizkiegu Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko idazkariei. Ondorio nagusia ondorengoa: 2022-23 urteetako zenbakiak txarrak direnik ezin esan bagenezake ere, bada hobetzeko franko. Osotasunean odola emateko adinean dauden biztanle guztien artean %8 inguru da emaile, hau da, 10etik 1 baino zertxobait gutxiago. Horien artean gehiengoak 38-58 urte bitartean ditu, eta 18-38 urte bitarteko herritar taldearen zifrak oso baxuak dira proportzionalki, batez ere 18-28 urte bitarteko mutilei dagokienez.

Odol-emaileen taldeak Zestoarako ezarri dituen etorkizunerako helburuen artean, emari edo donazio kopurua urtean 300era iristea da (2022an 273, eta 2023an 248 izan dira), urtean zeharrerako jarritako 6 ateraketa-datetan 50na emaile biltzea, alegia. Adin tarte guztietan zifrak antzerakoak izatea lortu nahi da, eta batez ere, haien artean izanik zifrak apalenak, azpimarratzen dute horretarako belaunaldi gazteak direla gehienbat hurbildu beharrekoak.

Datuak horiek izaki, minimoak betetzen direla badiote ere, zifra hori proposaturikoaz harago hobe genezakeela deritzot. Horregatik, dei egin nahi zaio odola ematera anima dadin datorren martxoaren 22an eta maiatzaren 24an asmoa duen herritar orori, bereziki odol-banku guztietatik beharraren deia zabaltzen ari diren garai hauetan.

Olatz Bereziartua




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide