Albisteak

[ZUTABEA] Tontoak gerran hil ziren

Sarritan erabili izan dut esaldi hau, egun batean esanahiari erreparatu, eta ez nuela gustuko konturatu nintzen arte. Esango nuke ezen, jatorriz, gerra egitearen aurkako jarrera batean oinarritzen dela esaldia, eta gerrara joaten ziren pertsonak inozotzat katalogatzen dituela. Gerren bidezkotasunaren eztabaida albo batera utzi, eta haietako zenbait pertsonena nahiko nuke mahai gainean jarri. Asko eta asko beren borondate eta printzipioen aurka gerrara eramanak izaten ziren, beste ezertarako aukerarik izan gabe. Beren bizileku, familia eta lagunak aldentzen zitzaizkien, maiz, ulertzen eta partekatzen ez zuten kausa bat defendatzeko.

Baziren maite zituzten pertsona horiekin nahi baino lehenago topo egiten zutenak, frontean hain zuzen ere, bando berean zein aurkakoan. Eta, nire ustez, latzenak, familia edo eta lagunen tiroa jasota hilak izan zirenak. “Tontoak gerran hil ziren” esaldia erabiltzean, sentitzen dut pertsona horiei guztiei errespetua galtzen diegula, eta pentsatzen dut esaldi hori gaizki formulatuta egon daitekeela.

Batetik, iruditzen zait ezen, gerra deslegitimatzeko orduan, gerlariei baino gehiago, beste zenbait pertsonari jarri beharko geniekeela begia, eta, beharbada, inoiz guda batean hilko ez direnak izango dira haiek. Paul Valéry frantziar idazle eta filosofoak zera zioen: “Gerra elkar ezagutzen ez duten pertsonen arteko sarraskia da, elkar ezagutzen duten baina elkar sarraskitzen ez diren pertsonen mesederako”. Bestetik, esaldia lehenaldian osatua da, gerrak eta tontoak iraganeko gaiak izango balira bezala. Zoritxarrez, aurretik deskribatu ditudan egoerak zenbait herrialdetako errealitate dira gaur egun. Tontoei dagokienean, ez dut uste iraungitako espezie bati buruz hitz egiten ari garenik. Horiexek dira esaldi horrek burura ekarri zizkidan pentsaerak, eta berriz ez erabiltzeko erabakia hartzera eraman nindutenak.

Joritz Zunzunegi Irure




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide