Paperekoa
[ZUTABEA] Udara benetakoa
— 2024-08-12Badirudi Danbolineko zutabea idazteari ekiten diodan bakoitzean badudala halako joera bat, non, atzera, haurtzarora, gaztarora (ez ez oraindik oso gaztea haiz) begira jartzen naizen. Oroitzapenen halako kutxa bat irekitzen dut eta bertako istorio, usain, soinu eta abarrei begira hasten naizen, nahi gabe noski. Oraingoan ere norrelako zerbait egin dut, momentuko txispa batek jarri nau atzera begira, eta konturatu naiz lehen ikusi eta bizitakoak oraintxe bertan ere hementxe ditugula eta gozatu ditzakegula.
Uztaileko egun bat da, lanetik etorri, zerbait jan eta sofan eseri naiz telebistara begira, Frantziako Tourra ematen ari dira eta Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga oso gustuko izan arren, zerbaitek (nostalgia?) kanala VElera aldatzera bultzatu nau: Carlos De Andres eta Pedro/Perico/de Espana. Duela urte asko bezala sentitu naiz.
Etapa bukatu aurretik, etxeko atarian sumatu ditut neska-mutil koxkorrak beraien bizikletak hartuta, garrasika, oparitzeko adina bizipoz soinean dutela. Automatikoki tentetu eta Zumaiako herriko plaiara noa bainua hartzera. Zeru urdina, bai azkenean bai!! Ondoren limoizko izozkia jan dut, Twister, Colajet eta guzti horiekin zalantza egin ondoren. Gaztetxo kuadrillak entzun ditut etxera bidean, elkar agurtzen: batzuk, “hi gero bederatzietan bokadilloarekin plazan”, besteak ondoko herrietako festetara joateko planak egiten, “baino nik buelta goiz e!”; beste batzuk “bihar gaur bezala geratzen gaituk plaiarako ezta»”.
Etxera iritsi naiz eta Danbolinerako zutabearekin bezala, koaderno eta arkatza hartu eta idazten hasi naiz, udarak, benetako udarak izan behar dituen plan eta akzio denak zerrendatuz, huprengoan egiteko asmoz, noski.
Pijama motzarekin lo gin, lo-muturrarekin jaiki eta sanferminetako entzierroa ikusi, Tourra ikusi, herriko plaian bainatu, goizetako serieak ikusi (“Las gemelas de Sweet Valley”, “Vigilantes”…), Uztapide aurreko koxkan arratsaldeko ordu hilak lasai pasa, etxeko hozkailuan limoi eta laranjazko poloak egin eta jan, Grand Prix., aurten futboleko Eurokopa ikusi (kamiseta gorrikoak ea ez duen irabazten), aH, eta aurtengoan gainera Joko Olinpikoak, orduero, hobeto ezin.
Hauek guztiak eta askoz gehiago egin ditzakegunez, goza dezagun ba danok aurtengo udara, benetako udara!
Aritz Cestona
Egin zaitez bazkide