Albisteak

[ZUTABEA] Uztailak 8, ostirala

Gaur goizean hainbat gauza egiten jardun naiz, erosketa batzuk egin, lan eta betebehar batzuekin denboratxo bat pasa eta, horiek amaitu ostean, lagunekin paseo bat ematera joan naiz bazkal aurretik.

Lagunekin bueltatxoa egiten nengoela, biharko egunaz aritu gara hizketan, San Ferminak, Lesaka, juerga eta festarako gogoa, eta abar luze luze bat. Horri buruz hitz egin ondoren, etxera itzuli eta Lesakarako prestaketekin martxan jartzea pentsatu dut. Lehendabiziko gauza azkazalak margotzea bururatu zait, eta horretxekin hasi naiz lehenbailehen. Denboratxoa pasa ondoren azazkalak apaintzen, zerbait jantzi eta kalera irten naiz; lagunei kasu egin eta segituan lanera.

Lanera sartu eta jada nire buruak beste modu batera funtzionatzen du, ikaragarri buelta ematen dizkio gauza bakoitzari. Gauza horien artean azkazalak sartzen dira, beldur eta intseguritateekin batera. Hau da; lanera sartu eta barra aurrean jartzen naizen ordurako beldur eta intseguritate mordoxka bat azaltzen zaizkit, azazkalak pintatuta izateagatik bakarrik. Ea jendeak nola erreakzionatuko duen, ea nola begiratuko nauten, ea zer esango didaten, ea beraien artean zer esango duten nitaz, eta abar.

Behin baino gehiagotan jasan behar izan ditut egoera deserosoak edozein une eta lekutan, bestelako erasoekin batera. Tabernako kasuan, berdina gertatzen da, baina modu desberdin eta ez hain nabarian. Hala ere, azazkalengatik begirada zakarren bat bota didatenak, aurpegiak jartzen dizkidatenak eta zerbait esan didatenak gutxi dira. Dena den, nahiz eta jende gutxi izan, beldur hori eta deserosotasun puntu hori uneoro sentitzen den zerbait da, eta are gehiago jendearen aurrean lan egiterako orduan.

Nik galdetzen dudana da, zergatik jasan behar ditut egoera deserosoak? Zergatik pasa behar ditut momentu txarrak? Zergatik sentitu behar ditut sentimendu okerragoak azazkal batzuengatik? Zergatik?

Ulertu beharra dago mutil batek azazkalak margotuta izatea guztiz egokia dela. Utz ditzagun lehengo garaiko pentsamoldeak alde batera eta ez diezaiogun genero bakarra ezarri gauzei, azazkalei, arropei, jostailuei, kirolei, …

Zer gertatuko litzateke azazkalak margotuta dituena nire arreba/neska bat izango balitz?

Peru Gartzia




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide