Albisteak

[ZUTABEA] Whatsappeko kontuak: Jagoba Astiazaran eta Amaiur Aristi

Jagoba! Jonek esan dit hilabete honetan bioi dagokigula zutabea idaztea. Pentsatu al duzu zeri buruz idatzi? Espero ni baino inspiratuago ibiliko zarela… Zerbait bururatzen zaizunean abisatu, badaezpada, gai antzekoari heltzeko kapaz gara eta gu!

Bagara bi orduan, gai librea nondik hartu ezinda! Pandemia gaiak ez nituzke aipatu nahi, kulturaren egoera larria ere egunerokoa da… Udaz hitz egin genezake… auskalo. Agian euskaltegirako eginiko idatziren bat aprobetxatuko dut, eta kitto! Bide batez, ba al duzu HABEko idatzizko probaren berririk? Azterketan topo egin genuenetik ez dugu horretaz hitz egin eta…

Ba, notizia txarrak, urtebete euskaltegian eta urteko idazlanik eskasena egin dudala azterketan esan ez dit ba irakasleak! Hurrengoan, hobeto! Baina ez dakizu zenbat ikasi dudan, eta, garai hauetan, sozializatzeko aukera ederra! Herria itxita eta ni azpeitiarrekin eta azkoitiarrekin astean bitan mahai bueltan! Zestoarrak ere inguruan, noski: Maitane Bermejorekin kotxean azterketako joan-etorria, Joritz Zunzunegirekin mintza praktika saioa eta Nerea Goikoetxearekin idazlanen trukeak, kafe eta mokadutxoak ezin falta!

A ze saltsero koadrila! Joritzekin ahozkoaz aritu nintzen neu ere! Marka da gero, ordura arte Zestoako Musika Bandaz besterik ez nuen hitz egingo berarekin! Orain artean hizkuntza eskakizunen kontrako jarrera nuen, ez nuela inoiz egingo, burugogorrean, baina aitortu behar dut esperientzia polita izan dela, eta asko ikasi dudala! Azterketa guztietan bezala, pena da egun bakarreko lana bakarrik epaitzea… Hurrengoan beharko du, Amaiur! Orain eskolak ahaztu eta eguzkia hartzera! Enteratu naiz nire anaia eta amarekin hondartzan izan zinela lehengoan, han ere izango zenuten nahiko mintza praktika…

Hondartzan bai ederki, baina ez al dizute kontatu zer pasa zen? Aitzolek konbentzitu ninduen aurten lehen aldiz bikinia jantzi eta azal zuri-zuri honekin eta aurreko urtean ez nituen sei kilo gehiagorekin hondartzara joateko. Uste dut damutu zela, Maitek eta biok ez baikenion utzi siestarik egiten! Kar, kar, kar! Ezin isildu gu! Eta bost egunera deia: Amaiur, positibo eman dut, baina, lasai, zuk ez daukazu 10 eguneko itxialdia egin beharrik, PCRarekin nahiko. Ostirala eta larunbata etxean, badaezpada.

Garesti atera zitzaizun hondartzako konpainia… Emaitza negatiboa izango zen, noski… bi egun etxean, eta igande goizean libre?

Larri ibili nintzen igande goizean ere. 11:00etarako Oñatiko elizan egon beharra nuen, korpus-dantzariak grabatzea tokatzen baitzitzaidan, eta 10:15ean jaso nuen PCR negatiboaren emaitza. Justu, baina iritsi nintzen, eta aldarearen aurrean niretzako aulkia erreserbatua, ederra pribilegioa. Oñatin beti etxean bezala, sakristaua ezagutu egin nuen aurreko urtetik eta koroan kokatu nuen kamera ederki zaindu zidan trajedun gizon dotoreak, poz ederra hartu zuen zestoarra nintzela esan nionean, Jexux Odriozola koadrilakoa zuela!

Jexux unibertsala dela esango nuke! Doan lekura doala, kameleoiak bezala kamuflatzen dela dagokion testuingurura. Edozein lekutan ere bere ekarpena handia da, izan Txantxikua edo Zestoako Jubilatuen Elkarteko lehendakaria! Nik beti pentsatu izan dut Zestoako alkate perfektua litzatekeela! Langilea, eta herritar orori laguntzeko prest dagoena izateaz gain, edozeinekin joango litzateke ardo bat hartzera. Legealdia amaitzerako konbentzitu behar genuke!

Ez dakit gure herri hau gobernatzen ze atarramentu aterako lukeen Jexuxek, baina Oñatiko bandaren errepertorioan zeresana baduela esango nuke. Egunaren bukaeran, lan denak amaituta traste guztiak jasotzen ari nintzela… Ondo ari al naiz entzuten? Amparito Roca ozen-ozen bozgorailutik! 

Ai, Amparito! Aurten izango ote dugu Erdikalean biltzerik? Pasa den urtean bandak kontzertuan jo zuen, baina aukeran nahiago kaleetan zehar pasodoblea dantzatzea! Dantzaz ari garela, laster izango da Itxaropena dantza taldearen urteroko emanaldia. Egoera honetan ez zen erraza izango emanaldia prestatzea…

Bai, gogorrak izan dira azken bi ikasturteak dantzariontzat. Entseguak debekatuak izan ditugu denbora luzez eta kezkaz bizi dut egoera, behin geldituta zaila da aurreko martxara bueltatzea. Otsailetik, haurren eta gaztetxoen taldeak, behintzat, martxan izan ditugu eta ez da gutxi! Beno, zeri buruz idatziko dugu orduan?

 

Nik uste behin honezkero, elkarrizketa hau bera bidal dezakegula! Herrian elkarrekin larri ikusiko gaituzte, eta 4.000 karakteretan herri erdia astindu dugu! Hemendik aurrerakoak guretzat gordeko ditugu!

Amaiur Aristi eta Jagoba Astiazaran




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide