Albisteak

[ZUTABEA] Yoga bizitza bera da

Yoga, gure esentziarekin dugun loturaz kontziente egitea da. Hori lortzeko, gure pertsonalitatea orekatzea eta baretzea ezinbestekoak dira. Barneko isiluneak sortuz eta kontzentrazioa mantenduz, meditazioa egiten da, eta hori da yogaren helburua. Hori lortzea ez da erraza, baina milaka urte dituen yoga zientziak gaurkotasuneko teknikak eskaintzen dizkigu.

Aitaren eskutik, 15 urte nituenean ezagutu nuen yoga. 1985. urtean medikuak yoga egitea gomendatu zion aitari, erlaxatzen ikasteko. Bainuetxe ondoan yoga ematen hasi zirela jakin, eta zestoar lagun taldeak Sanatana Dharman izena eman genuen. Nire anai-arrebak, Zubimusuko lagunak eta neu, zapatu goizetan, yogako klaseetara joaten hasi ginen. Iñaki Iriondo zestoarra zen gure irakaslea. Oso ondo pasatzen genuen etxe zahar eta handi hartan.

Ikasle modura urte asko pasa ondoren, 2017an yogako irakasle izateko prestatu nintzen Sanatana Dharman. Harrezkero, klaseak ematen ditut Astigarraga eta Donostian eta yogako teknika eta meditazioan sakontzen jarraitzen dut. Yogak bizitzaren arlo guztietarako ekartzen ditu onurak: fisikoki, gorputza malguago eta osasuntsuagoa bihurtzen da, Asanekin (Asana yoga jarreraren izena da) gorputzeko atalak luzatu eta desblokeatzen dira, zirrarak hobeto kudeatzen ikasten da arnas ariketa bitartez, gure barne elkarrizketa eta pentsamendu-iskanbila isilarazten ikasten da nerbio sistema baretuz, zentzumenak barneratzen goaz, egoera atsegin eta goxoan murgilduz. Ikasleak gustura ateratzen dira klaseetatik, energia orekatzen baita eta horrek osasuna eta ongizatea dakar. Yoga bizitza bera da, edo beste modura batera esanda, bizitza yoga da. Hasieran asko kostatzen zaigu, gure joera arreta kanpoko apaingarrietan jartzea da eta. Ezagutza eta esperientzia duen irakasleaz gidatu eta ohiko praktika mantentzea da egokiena. Nork bere burua ezagutzeko lana da, barnealdearekin konektatuta bizitzean gizakiaren unitatea antzematen da eta horrek bizitzaren ulermena eta ikuspegi zabala ematen digu, maitasuna baikara. “Gehitu iezaiozu zure bizitzari falta zaiona” da gure eskolaren leloa, estresa, antsietatea eta buruhausteak alboratu eta har dezagun jarrera positiboa, oreka eta bakea gure bizitzara ekarriz. Hori da yogarekin lortzen duguna, gure barnean bakea, zoriontasuna eta goxotasuna, gure burua ezagutuz aurrena, eta alboan ditugun pertsonekin partekatuz.

Marce Tena




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide