Albisteak

Zestoako Irakurle Taldea sortu da

Ostegun arratsaldean zita berezia zuten prestatuta Portale Kultur Elkarteko kideek: “Bederatzi arrazoi Zestoako irakurle-taldera etortzeko: irakurtzearen alde”. Gaur egun itzultzaile-zuzentzaile lanetan dabilen Amaia Apalauza Ollo etorri zen Zestoara bederatzi arrazoi horiek mahai gainean jartzera. Hitzorduaren helburua Zestoan irakurle talde bat sortzea zen, eta helburua bete zen: Zestoan irakurle talde bat sortu da.

Honako hauek dira Apalauzak emandako 9 arrazoiak:

  1. Irakurtzea “bidaiatzeko” modu bat da. Liburu bat esku artean hartu eta beste leku eta kultura batera bidaiatzeko aukera ematen dizu.
  2. Inguruan duguna hobeto ezagutzeko aukera ematen du irakurtzeak.
  3. Irakurtzeak norbere barrurantz begiratzeko aukera ere ematen du. Irakurtzen ditugun istorioekin identifikatuta sentitu gaitezke.
  4. Irakurtzeak ongi pasatzeko balio du. Jane Austen idazleak zioen moduan “ez dago irakurtzearen pareko gozamenik”.
  5. Irakurtzea ez aspertzeko modu bat da. William Nicholson idazleak zioen moduan “Bakarrik ez gaudela jakiteko irakurtzen dugu”.
  6. Irakurle talde batean konpainia on batean egongo gara, nahiz eta bi pertsonak ez duten sekula irakurtzen liburu bera.
  7. Zientifikoki ere frogatuta dago irakurtzea oso onuragarria dela. Irakurtzean prozesu mental pila bat aktibatzen dira.
  8. “Don’t obey, reed” Irakurtzea desobeditzeko modu bat da.
  9. “Irakurle batek milaka bizitza bizitzen ditu hil aurretik, sekula irakurtzen ez duenak bakarra”.

Arrazoi horiek entzun ondoren, 13 lagunek eman zuten izena irakurle taldean. Ana Malagon idazlearen “Gelditu zaitezte gurekin” liburua izango da taldearen lehen irakurgaia. Abenduaren 14an egingo dute lehen bilkura irakurle taldeko kideek, 19:00etan Kultur Etxean. Horrela, hilabetero liburu bat irakurriko dute eta hilean behin elkartuko dira horri buruz solasteko. Amaia Apalauza izango da taldearen gidaria eta atzo azaldu zuenez liburuen zerrenda bat prestatuta dauka, baina taldeko kideek proposatutako liburuak ere irakurriko dituzte.

Aurrez aipatutako 9 arrazoi horiek irakurrita taldean sartzeko gogoz dagoena oraindik garaiz dabil, portalekulturelkartea@gmail.com edo kultura@zestoa.eus helbidera idatzita eman daiteke izena Zestoako irakule taldean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide