Albisteak

Gaztelekuak urriko agenda argitaratu du

Gaztelekuak urriko agenda ezagutarazi du, Zestoako herrigunean eta auzoetan haur eta gaztetxoentzat antolatutako ekintzekin. Besteak beste, jolasak, sukaldaritza tailerrak, ipuin kontaketa saioak eta Gau Beltzaren ospakizunak izango dira hilabetean zehar.

Herrigunean, 10 eta 11 urteko gaztetxoek ostegunetan izango dituzte Gaztelekuko saioak, 16:30etik 19:00etara. Gaztelekua ezagutzeko saioarekin hasi dute hilabetea, eta datozen asteetan jolas librea, proposamen bilketa, brownieak egiteko tailerra eta kalabaza hustuketa egingo dituzte, hurrenez hurren.

12 eta 16 urte bitartekoentzat, berriz, ostiral eta larunbatetan izango dira saioak, 16:00etatik 19:30era. Urriaren 2an eta 3an jolas librea izango dute; 9an eta 10ean proposamenak jasoko dituzte; 16an eta 17an brownieak egingo dituzte; eta 23an eta 24an jolas libreko saioak izango dira berriro. Hilaren 30ean kalabazak hustuko dituzte, eta 31n kalabaza bizkotxoa prestatuko dute.

Haur txikiagoentzat ere izango da eskaintza. Barbantxoren jolas saioak Gaztelekuan egingo dira, 17:00etan: 4 eta 5 urtekoentzat urriaren 14an eta 28an, eta 6 eta 9 urtekoentzat 2an, 16an eta 30ean. Izena emateko, 688 684 029 telefonora jo daiteke. Liburutegian, Kontaidazu ipuin bat egitasmoaren barruan, 3 urteko haurren saioa urriaren 6an izango da, eta 4 eta 5 urtekoena hilaren 20an; biak 17:30ean. Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute herrigunean.

Auzoetan ere hainbat hitzordu prestatu dituzte. Arroabean, Txepetxaren eskutik haurrentzako jolasak izango dira urriaren 9an eta 30ean, elkargunean: 3 eta 5 urte bitartekoentzat 17:00etan, eta 6 eta 11 urte bitartekoentzat 18:00etan. Izen-ematea txepetxaaisialdiakm@gmail.com helbidean egin daiteke. Gainera, urriaren 17ko Txikitasunian Haundi egunean Txepetxarekin jolasak eta Potx magoaren emanaldia izango dira, eta hilaren 30ean Gau Beltza ospatuko dute.

Aizarnan, Barbantxorekin haurrentzako jolasak egingo dituzte urriaren 2an, 16an eta 30ean, 17:00etan kultur etxean. Iraetan, berriz, hilaren 9an eta 23an izango dira saioak, 17:00etan elkartean. Bi auzoetako ekintzetan izena emateko telefonoa 688 684 029 da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide