Albisteak
Zestoara bizitzera etortzen direnei integrazioa errazteko proiektua lantzen hasi da
— 2017-06-16Zestoara etorri berrientzat harrera protokoloa martxan jartzeko helburuarekin, hainbat herritar elkartu zen ostegun arratsaldean Zestoako Udalean. Zestoara etortzen direnekin, “harreratik elkar ezagutzarako lehen pausuak ematea eta elkarbizitza hobetzea” landuko dira. Proiektua Udaleko Gizarte Zerbitzuek landuko dute, bina herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da.
Protokoloa honako printzipio hauetan oinarrituko da: zeharlerrotasuna, osotasuna, euskara eta euskal kultura, kultura aniztasuna, aukera berdintasuna, parte hartzea eta espazioak artikulatzea.
Protokolo horren bidez, “harrera ez da soilik maila instituzional edo administratiboan eman nahi. Prozesu integral bat izatea nahi da eta horretan herritarrek edo herriko elkarteek zer esan handia dute”. Etorri berriak Udalean erroldatzen direnean gida bat emango zaie, udaleko zerbitzu eta informazio baliagarriarekin eta “ongi etorri” bilera batera gonbidatuko zaie.
Proiektuaren helburua Zestoara etortzen direnei “bidelagunak” aurkitzea ere bada. Bidelagun horiek oso baliagarriak izango lirateke herriko espazio ezberdinak erakusteko, hizkuntza erakusteko, tramiteren bat egiterakoan laguntzeko…
Uztailean egingo den bigarren saioan, gidaren eta ongi etorri saioen edukiak zehaztuko dira.
Egin zaitez bazkide