Albisteak

1.400.000 euroko igoera izango du udal aurrekontuak

2022ko udal aurrekontuan aldaketak egitea onartu du Udalbatzak. Atzo arratsaldeko osoko bilkuran hartu zen erabakia, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Ondorioz, otsailean onartutako 6.099.600 euroko aurrekontuak 1.400.000 euroko igoera izango du.

Kiroldegiko teilatua

Aldaketaren zatirik handiena kiroldegiko teilatuari dagokio. Pilotaleku aldean amiantoa dago eta teilatua kendu, berria egin eta eguzki plaka fotoboltaikoak jarriko dira. Proiektu hori egin ahal izateko 1.150.000 euroko gehikuntza egin da aurrekontuetan. Alkatearen esanetan, kopuru horren zatirik handiena kiroldegiko teilatu berria egiten gastatuko da. Gaineratu zuen, dirulaguntzak ere izango direla proiektua gauzatzeko, baina diru sarrera horien zatirik handiena 2023 eta 2024an jasotzea espero dela. Laguntzaren kopurua jakitea “oraindik ezinezkoa” dela esan zuen Arregik, baina 500.000-600.000 euro ingurukoa izatea estimatzen dela.

Partidak egokitzen

Aurrekontuak onartu zirenean pandemiak zein joera hartuko zuen argi ez zegoenez, lotu gabe zeuden hainbat gairen inguruko aldaketak egin dira. Jaiekin lotutakoak izan dira batzuk: herriko jaietarako 65.000 euroko partida zegoen aurreikusita eta beste 5.000 euro gehitu zaizkio; jubilatuen egunerako ere 7.000 euro zeuden aurreikusita eta 5.000 euro gehitu zaizkio. Santakutzetarako, berriz, 6.200 euro aurreikusten ziren, eta 2.100 euroko gehikuntza egin zaio partidari. Kultur Etxeak garatzen dituen ekintzetan, 35.000 euroko partida zegoen eta 10.000 euroko gehikuntza izan du partidak horrek.

Bestalde, hainbat lan egiteko partidak onartu ziren; hala nola, Arteagako beheko plaza egokitzea (40.000 euro), Aizarnako kultur etxeko igogailua (29.000 euro), Ibañarrietako Asto Txiki bidearen konponketa (7.000 euro) eta auzoetako udal eraikinen konponketa lanak (19.000 euro). Horrez gain, eskoletako azpiegitura eta konponketetarako 7.000 euroko partidari 3.000 euroko gehikuntza egin zaio. Garbiketarako kamioiaren aurrekontua ere egokitu da; 9.500 zegoen hasieran, eta prezio errealera egokituta, 90.000 euro bideratuko dira ibilgailu horretara. Euskara eta kulturartekotasun partidetan ere egin dira doikuntzak: euskarako eragileen dirulaguntzaren partidari 2.000 euro gehitu zaizkio eta kulturartekotasunari, 7.000. Danbolinen aurrekontuak, aldiz, 300 euroko igoera izango du.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide