146. Danimarka Zestoari begira

Geroztik neure buruari galdetzen diot beti zein diren gure bizitza zehazten duten harreman ikusezinak, eta ze harik elkarlotzen dituen denak”, zioen W. G. Sebald idazleak. Gaur ni Danimarka eta Zestoa elkarlotzen dituen hari ikusezinak daudela konturatu naiz, interneten aztarrika nenbilela.

Lotura hori Søren Hjorth Nielsen izeneko margolari eta ilustratzaile danimarkar batek egin zuen duela sei bat hamarkada. Jakina denez, Artea gauza unibertsala da, hizkuntza eta ideologiaz harago edozeinek uler dezakeen zerbait, eta artearen barruan natura eta paisaia are eta unibertsalagoak dira.

Søren Hjorth Nielsen (1901-1983) ezaguna da Kopenhage inguruko soroen margoak direla tarteko. Bere hasierako margoek nolabaiteko kutsu erlijiosoa dute eta pertsona baztertuak irudikatzen ditu, baina pixkanaka-pixkanaka paisaia –landa gunea nahiz urbanoa– margotzera bideratuko du bere lana. 1950eko hamarkadatik aurrera, hiriko teilatu multzoak irudikatzen hasi zen. Danimarkako paisai-margolanen berritzailea izan zela diote adituek, eta horrez gain grabatugintzan ere lan dezente egin omen zuen. Kopenhageko Arte Eder Akademiako irakasle izan zen 1957-1971 bitartean. Azkenik, museo frankotan (agian ez dira goi mailakoak izango, baina tira) gure gizonaren artelan franko aurki daitezke.

Esaten dutenez, bidaiatzen zuenean-eta, etengabe aritzen zen margotzen eta marrazkiak egiten, batez ere paisaiak, eta horren adibide dugu hona ekarri dugun hau (sakatu irudian, handitzeko). Zestoa dela badakigu margoak berak atze aldean hala jartzen duelako –Cestona, Spanien– baita 1954an margotua dela ere. Zertara etorri zen ingurumaria honetara Danimarkako margolari bat eta margolan bat ez ezik, gutxienez bi ere margotu zituen? Ezta aztarnarik ere. Dakigun gauza bakarra da, beste kanpotar askori bezala, hemengo paisaia gustatu egin zitzaiola eta paisai horretaz gozatzeko denbora hartu zuela; eta oroimenean betirako geratzeko, hemengo bazterrak margotzea pentsatu zuela.

Kubismo estiloko lanak egitetik dator Hjorth Nielsen, baina margolari berezia da oso. Paisai estilizatua egiten du, laburtua, alegia, elementu garrantzitsuenei erreparatuta egina; kolore planoak ditu, arinak, airosoak eta atseginak. Luzaroan egon daiteke irudiari begira, nekatzen ez duen pintura horietakoa da.

Barrenean, lehen planoan, trenbidea eta zubia ageri dira. Horien atzean, etxe bat (edo multzoa) inguruan makalak edo antzeko zuhaitzak dauzkana; ibaia ere hor dagoela ematen du, barrenean. Margolanaren zatirik handiena mendixkak hartzen du, eta bertako soro-zelaiek; pinu-basotxoak izan daitezkeenak oso lagungarriak zaizkio kolore aldaketak egiteko. Eta, azkenean, udako zeru urdin garbi-garbia, gehiegizko berorik gabe, itsutzeko argitasunik gabe.

Agoantatu ezinik nago oraindik ere, neure buruari behin eta berriz galdera bera egiten: non arraio dago Zestoan bista zoragarri hori? Asmatutakoa ote da? Lili inguruko elementuak hartu eta eraldatu egin ote ditu? Argitzen zaila den inkognita.

Beti esan izan dut gure herria margotu duten artista ugariren lanen kalitate handiko erreprodukzioekin, erakusketa bat antolatu beharko genukeela Zestoan, eta, benetan esaten dizuet, ziento erdia baino artelan gehiago bilduko genituzkeela. Zailena irudi eskubideak lortzea eta kalitatezko kopiak ateratzea litzateke. Baina amets ederra da, Danimarka eta Zestoa hari ikusezin batez harremanduta daudela ikustea bezala. Zestoa beti hortxe, edertasunarekin bat eginda.

Argazkia: Cestona, Spanien. 1954. 47 x 63 zm. Iturria: https://bidtoart.com/fr/fine-art/landscape-from-cestona-spain/170905

Post-scriptum: Lerro horiek idatzi eta 18 bat ordura, gaur bazkalondoren, bertatik bertara ikusten saiatu naiz ea irudia benetakoa izan ote daitekeen. Eta halaxe da: irudia Izetaeneko leihotik, baratzetik edo inguru horietatik egina da. Eta ematen duen baino errealistagoa da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide