Paperekoa
15 HILABETE – Naiara Exposito Alberdi
— 2015-11-01Duela 15 hilabete ama izan nintzenean nire bizimodua asko aldatu zen, ikaragarri. Bizimodua aldatu zait, baina baita bizitza ikusteko modua ere. Fisikoki aldatu naiz, sabelaren beheko aldean dudan zikatrizak egunero oroitarazten dit gauzak ez zirela nik nahi bezala atera… Gaur egun beste kezka batzuk ditut, lehen asteburuan egingo genituen planak eta garrantzi askorik ez zuten beste hainbat gaik kentzen zidaten logura. Gaur egun ordea beste era bateko kezkak ditut, gehienak gure txikiarekin lotuta daudenak.
15 hilabete dira ez dudala gau osoa takada batean lo egiten. Aldameneko ohean dut gau osoa esnatu gabe lo ez egiteaz arduratzen den txikitxoa. Sekula ez nintzen gau erdian esnatzen, baina orain ahaztuta nago zer den gau osoan esnatu gabe lo egitea. Dagoeneko ohituta nago, baina hori ere bada nire bizimoduan aldaketa suposatu duen aferetako bat.
Duela 15 hilabetetik herrian ibili ohi garen lekuak ere asko aldatu dira. Lehen parkea zapaldu ere ez genuen egiten, plaza bueltako tabernak ziren gure topaleku. Orain ordea, ateri dagoen guztietan bertara joaten gara. Gainera, parkean egindako lanei esker, beste herri batean gaudela dirudi. Aterpea izatea besterik ez zaio falta. (Behin eskatzen hasita…)
Lanera itzuli nintzela ere badira ia 8 hilabete, baina konturatzen naiz ez naizela lehengo pertsona bera, memoria galdu dudala dirudi, gauza pila bat ahazten zaizkit, eta dena ondo apuntatu behar izaten dut. Ordu horiek dira egunero “bakarrik” egoteko ditudanak, eta egia esan nahikoak dira. Askok diote ama izan ondoren beharra dutela beraien ibilbide profesionalari jarraipena emateko… egia esango dizuet, nik ez nuen behar hori sentitu. Badakit iritsiko dela eguna niretzat denbora gehiago izango dudana eta agian orduan izango da nire ibilbide profesionalari beste era batera heltzeko unea. Oraingoz ordea, ez daukat behar hori eta egia esan oso pozik bizi naiz nire bizimodu berriarekin. Bai aldaketa asko, fisikoak, emozionalak, sozialak… baina pozik!!
Naiara Exposito Alberdi
Egin zaitez bazkide