151. Iñaki, zezenzale nekaezina

Orain dela 30 urte, 1989ko maiatzaren 5ean, ostiral arratsaldez, Zezenak Euskal Herrian: gure baitan dituzten erro luze-ezkutuak liburua aurkeztu zuen Iñaki Azkunek Zestoako Udaletxean. Ia mila orrialde, 947, zehatzago esateko.

Irakurleak, dagoeneko, jakingo duen bezala, ni ez naiz zezenketa zalea –zezen zalea bai– baina efemeride horrek merezi du nik hemen luze eta zabal aipatzea. Lan izugarri bat goraipatzeko ez dago zertan gaiarekin bat etorri beharrik (ederki geundeke, bestela, zezenketak ez gustatzeagatik pasodobleak baztertu beharko bagenitu, edo gerra ez gustatzeagatik hainbat eleberri eta ikerketa bikain arbuiatu beharko bagenitu). Baina, tira, egin dezagun aurrera.

Bada, horixe, Iñaki Azkunek, duela 30 urte, berak 44 zituela, 947 orrialdeko lan ikaragarria aurkeztu zuen. 25. urteurrena “sin pena ni gloria”, batere nabarmendu gabe, pasa zela uste dut baina biziki gomendatuko nieke zezenketa-zaleei aurtengoan akorda daitezela eta eskaini diezaiotela behar duen merezimendua Iñakiri.

Orain esku artean dabilkien Zestoaren Historia adinakoa ez, baina lan ikaragarria nabaritzen da liburu hartan: inurrien gisa, etengabeko lana, goizetik iluntzera, atsedenik gabe, gogotsu egindako lana. Zazpi urte pasa zituela Euskal Herrian zehar liburutegi eta artxiboak miatzen, zioen Joxean Agirre kazetariak orduan. Baina Iñakik apal-apal, mila orriko liburua argitaratzea hutsaren hurrengoa balitz bezala, honela zioen: “Nik aztertu dudana ez duk dagoenaren erdia ere, baina uste baino berri gehiago bildu diat. Ez nauk, ordea, interpretazio lanetan sartu. Material bilketa soil bat egiten saiatu nauk eta gerora aztertzeko utzi zetiat hainbat eta hainbat alor”.

Liburu horrek, bestalde, badu egindako bilketa lan ikaragarriaz aparte beste meritu izugarri bat: euskaraz sortu eta argitaratua dela. Horrela esanda sekulako hazaña iruditzen ez bazaio irakurleari, nahikoa da pixka bat pentsatzen jartzea. 1989az ari gara, eta orain euskaraz argitaratzea abentura handi bat kontsideratzen bada, pentsa zer zer garai hartan ia mila orrialdeko liburu bat euskara hutsez argitaratzea. Eta, bestalde, betikoa dago: pentsa zenbat irakurle gehiago (milaka) izango zituen liburua zuzenean gazteleraz argitaratzea erabaki izan balu; baina –eta hortxe dago Iñakiren meritua– euskara eta euskal kulturaren aldeko jarrera konprometitua hartzea erabaki zuen, berak argitaratutako beste guztietan bezala (dozenatik gora argitalpenen autore da Azkune).

Merezimendu horietaz gain, liburuak Joxe Azurmendi pentsalari handiaren hitzaurrea du, eta lehenengo lerrotik “Ez naizela korrida zalea, apenas edukiko dut, nire kasuan, aitortu beharrik” esaten badu ere, oso testu mamitsua da bere hitzaurrea eta, Azurmendiren ohiko estiloan, gaiari helduleku askotatik tiratzen dio eta alderdi polemikoei muzin egin gabe.

Honez gero, irakurlea aspertzen ariko zait eta bukatzera noa. Nekez aurkituko duzu, irakurle, hortik zehar, zezenei buruzko daturen bat Iñakik ikusi ez zuena. Liburu ezinbestekoa da zezenketa zaleentzat; oso probetxugarria, berriz, kontrakoentzat. Bejondeizula, Iñaki, eta segi lanean!

Post-scriptum:

Bide batez –goiko lerroak idatzi eta gero konturatu naiz– Iñaki Azkunek, 1976an, Katalin Erauso liburua idatzi zuen. Argitalpen hura gogoratuz, “Catalina de Erauso, emakume ausarta” hitzaldia eskainiko du Azkoitiko Etxe Beltzen, datorren astelehenean, ekainak 24, arratsaldeko 19:00etan.

Katalina Erauso –La Monja Alférez deitua– (Donostia, 1585 – Mexiko, 1650), moja, abenturazalea eta soldadua izan zen. Lau urte zituela –jo ta fuego Wikipediatik lapurretan ari naiz– domingotar mojen komentuan sartu zuten, baina izaera ez zuen hartarako oso egokia, eta, beste moja batekin borrokan ibili ondoren, 18 urterekin Gasteizera ihes egin zuen, baserritar gizonezko jantzita, Francisco de Loyola izenarekin. Handik aurrera gizonezko jantziak erabili zituen beti. Urte hartan, Ameriketara jo zuen eta han herrialde ugaritan ibili zen. Denborarekin, soldatu egin zen eta Amerikaren konkistan parte hartu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide