156. Denak bere hartan

Urte asko eta askotan “elkarrizketa eta akordioa” aldarrikatu izan dugunok –nik behintzat bai– lotsatuta jarraitu ditugu Espainiako politikako azken egunak; ulertu ezinik, nola demontre litekeen ezkerrak –gaurkoz alde batera utziko dugu alderdi sozialistaren ezkertiartasuna– beti-beti sakabanatuta amaitzea. Orain pixka bat muturtuta baldin badabiltza ere, eskuineko alderdiak erraz asko jarri ohi dira ados berea defendatzeko; ezkerrak, ordea, ezin nonbait.

Ez da bromatako kontua baina, egia esan, betiko aristokrazia goraipatzeko gogoa ematen du. Giuseppe Tomasi di Lampedusaren eleberrian Salinako printzeak dioen bezala, “denak bere hartan jarraitzea nahi badugu, denak aldatu behar du”, alegia, aldaketa itxura eman den-denak bere hartan jarraitzeko.

Aurrekoan don Fernando Suarez de Tangil, Vallellanoko kondea, ekarri genuen lerro hauetara, eta gure herrian irudikatu genuen, 67 bat urterekin, Francoren ministro zelarik, bainuetxean uda pasatzen eta egunero Alkorta tabernan esertzen, lasai-lasai. Tabernariak, kondea sartu orduko bazekien nola agurtu behar zuen eta zer atera behar zion edateko. Munduak aldaketarik gabe, “denak bere hartan” jarraitzen zuen.

Suarez de Tangilen aurretik, beste makina bat handiki eta ministro etorriak ziren Zestoara, eta horien artean bat ekarriko dut lerro hauetara: Amalio Gimeno Cabañas jauna (1852-1936). Bere garaikoek oso bikain irudikatzen dute nolakoa zen don Amalio: altua, tentea, argala… Baten batek, eserlekutik altxatzen laguntzeko keinua egiten bazion, ezetz esaten omen zuen kementsu, eta gaztetxoen arintasunarekin jaikitzen omen zen. Jimeno-ko lehen kondea omen zen, baina bera ikusita, bere planta, bere dotoretasuna bere finezia tratuan, leinu aristokratiko zahar bateko azken kimua ematen omen zuen.

Medikuntza ikasi zuen Amaliok Valentzian, eta ikasle bikaina izan behar zuen. 23 urterekin, Cuerpo de Médicos Directores de Balnearios y Aguas Minerales delako kidegoan sartu zen, eta hainbat bainuetxetako mediku izan zen. 1909tik aurrera 1930 ingurura arte, Zestoako bainuetxeko mediku izan zen. Esaten dutenez, gibeleko gaixotasunen alorrean, goren mailakoa izan behar zuen. Oso jakintsua.

Baina gure don Amalio politikari ospetsua ere izan zen, liberal alderdikoa. Senatari izan zen urte askotan, Hezkuntza ministro 1906 inguruan, Estatu ministro ondoren, Gobernaziokoa aurrerago… Tartean, 1913an, Marinako ministro izendatu zuten, eta badu anekdota polit bat kargu hura zela eta: jendeak esaten omen zuen, Gimeno Zestoako uren mediku izaki, ur kontuan zeukan jakinduriagatik izendatu zutela Marinako Ministro (harrapatzen da txistea ezta?).

Baina zortzi aldiz ministro izandako jaun honek Zestoa aukeratzen du, bertako bainuetxean kontsulta pasatzeko eta Gorteko zarata politikotik aldentzeko. Bere familiarekin etortzen da Zestoara, eta itxura apostoliko batekin –Madrilgo Medikuntza katedran azalpenak ematen zituenean bezala– erakusten dizkie bisitariei jangelak, festarako aretoak, logelak… Eta une batez, itxura apostolikoa bazterrean uzten du; izan ere, uztailaren 10a da, hain zuzen ere Amalio santuaren eguna, eta bere bilobak bistaratu zaizkio aitona zoriontzera; musu eztitsu bana eman die eta bainuetxea erakusten jarraitzen du, bere apostolu itxura berreskuratuz. Arratsaldean, sekulako euri-jasa Zestoan, “Lluvia torrencial, que aprovechaban las bellas bañistas para, hacer labores en las amplias galerías, y los hombres de ciencia y de letras y de la política para charlar acerca de los temas de actualidad palpitante”.

Atertutakoan, bueltatxo bat egingo zuten Zestoa aldetik, pilota partidaren bat ikusiko zuten, musika pixka bat entzun, Blas Alkortarenean tragoxka bat hartu, eta atzera berriz bainuetxera. Eta Azorinek zioen moduan, “eta hau guztia errepikatu egiten da egunero. Atsekabe lauso batek bereganatzen du gure animoa: agian mundua ikaragarrizko bainuetxe bat besterik ez da”.

Ez ote dago, bada, aldatzerik mundua? Adinarekin, urritu egiten da itxaropena, sexu-grina bezala. Irailak esango digu zer dakarkigun udazken politikoak. Salinako printzeak izango du arrazoia seguru asko : “Denak bere hartan jarraitzea nahi badugu, denak aldatu behar du” (Portzierto, Koldo Bigurirena da hain esaldi ospetsuaren itzulpena).

 

Argazkia: Bainuetxeko handi jendea (1925). Amalio Gimeno, ezkerrean eserita, galtza zuriekin (nire oroimenak huts egiten ez badit). Erdian, tente dagoen andrea bere emaztea izan behar du. Bikotea 1928an bainuetxean egindako dokumentalean ere ageri da.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide