Albisteak

1879ko erloju mekanikoaren aurkezpena egin dute gaur udaletxean

Udaletxean jarri dute Udalak 1879an kanpandorrerako erosi zuen erloju mekanikoa. 2017an kanpandorrea jo zuen tximista batek eta konpontze lanak egin ahal izateko behera jaitsi zuten erlojua. Duela urtebete pasatxo Udalak eskuetan hartu zuen erlojua eta Santa Engraziko erlojua zaharberritu zuen auzolan talde berak egin ditu erlojuaren konpontze lanak.

Erlojua udalarena denez, “aukera ezberdinak” aztertu dituztela azaldu du gaur goizean egindako agerraldian Mikel Arregi Ertxin alkateak. Aukera horietako bat, erlojua berriro ere kanpandorrean jartzea zela esan du: “Batzuk erlojua berriro ere hara itzultzearen aldekoak ziren”. Erlojua kanpandorrean egoteak zituen “irisgarritasun arazoak” kontuan hartuta, beste aukeretako bat, erlojua herritarrentzat ikusgai egongo litzatekeen leku batean jartzea zela azaldu du alkateak. Azkenean, eragile ezberdinekin hitz egin ondoren, tartean eliza, erlojua udaletxean jartzea erabaki zuten: “Guretzat kanpandorrea inoren begi bistan egon ezin zitekeen leku batean jartzea baino askoz hobeago da hementxe, denon etxea, herriko etxean jartzea” adierazi du.

Auzolanean

Jesus Illarramendi, Manuel Arregi, Jon Egiguren, Jose Manuel Goenaga eta Xanti Zabalak osatu dute erlojuaren kokapenerako lanak egiteko taldea. Udalak duela urtebete egin zieten erlojua udalera moldatzeko proposamena. Orduan, erlojuaren kokapena garbi ez zegoela azaldu du Manuel Arregik eta udalari epe laburrean erantzun bat emateko eskatu ziotela. Bi kezka zituztela nabarmendu du, batetik, Santa Engraziko eraberritze lanetan bizitako “esperientzia gazi-gozoa” eta bestetik, “erlojuaren egokitzapen teknikoa”. Erlojuetan adituak ez direla nabarmendu du baina taldean “esperientzia handiko” makanikoak dituztela. Egiteko moduko lana zela ikusi zuten eta baiezko erantzuna eman zioten udalari. Udalak erlojuak izango zuen kokapena adierazi zieten eta erlojua leku horretara egokitu dute.

Erlojua udaletxeko kokapenera moldatzeaz gain, erloju horri eta XVI. mendetik honaino herriko elizan kokatuta egon diren erlojuei buruzko informazioa bildu dute, baita kanpandorreari buruzko zenbait aipamen ere. Informazio guzti hori, erloju ondoan kokatutako bi paneletan jaso dute. Herritar ororen esku dago erlojuaren inguruan jasotako guztia, Zestoako Udalaren webgunean.

Lanak, etxean

Alor tekniko zein informatiboko lanak “etxean” egin dituzte. Erlojuaren inguruko informazioa biltzeko Fernando Arzallus eta Julian Serranoren pistetatik abiatu direla azaldu du Manuel Arregik, gero informazio hori ordenatu eta orraztu egin dute.

Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie erlojuarekin lanean jardun duten herritar guztiei: “Erakunde publikoek diru asko gastatzen dugu gauza askotan, eta hemen auzolan taldeak egin duen lana oso ona da, jakinduria handia duten herritarrak dira eta ekarpena udalarentzako da, denontzako, lan merkea eta oso ona izan da.  Eskerrak herritar guztien izenean auzolan taldeari eta erlojuarekin lanean ibili diren herritarrei.”

Hona hemen gaur goizeko aurkezpenean hartutako argazkiak eta bideoa:

Bideoan, Jesus Illarramendi erlojuari giltza ematen:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide