Albisteak
2016ko maiatzean onartutako hondakinen bilketa sistema aldatzeko erabakia bertan behera gelditu da
— 2019-07-25Tramitekoak izan ziren atzo arratsaldeko udalbatzarreko lehen gaiak; zuzenketatxo bat eginda, onartutzat eman zen ekaineko bilkurako akta, onartutzat eman zen 2018ko inbentarioaren eta kontu orokorraren onarpena eta itxita gelditu zen 2018ko jarduera fiskala ere. Hirugarren puntuan, udal langileen eta kargu publikoen soldata igoera proposatzen duten Eudel eta estatu mailako aldagai proposamenak ere onartu ziren.
Hondakinen bilketaren ingurukoa izan zen eztabaidarako gehien eman zuen gaia. 2014an martxan jarri zen sistema, gaur egunean duguna, aldatzeko proposamena onartu zen 2016ko maiatzeko udal batzarrean, EAJren aldeko 6 botorekin eta EH Bilduren kontrako 5 botorekin. Oraindik martxan jarri gabe baina indarrean zegoen erabaki hura, edukiontzi bidez egindako bilketa sistema ezartzearen aldeko onarpena eta atzoko bilkuran bertan behera utzi zen. EH Bilduren aldeko 6 botorekin eta EAJ abstenitu egin zen EH Bilduk emandako arrazoietan oinarrituta.
Mikel Arregi alkateak sistema garestia zela onartu zuen baina horrexegatik dela aldi berean ona. Hobetzeko margen handia daukala ere onartu zuen. Herrigunean nahiko ondo egiten dela, baina, ezin dela berdina esan landa guneez eta Idiazpi eta Zubimuzu arteko ekarpen gunea ere erorita dagoela jarraipenik egin ez zaiolako. Bidoien sistema nahiko garesti ateratzen omen da, lana bikoitza delako (lehenengo jarri eta gero berriro jasotzera etorri), baina “emaitza txukuna ematen du” esan zuen. Garikoitz Mendizabal oposizio buruak inguruko herriekin alderatuz sistema desberdina genuela eta zein den beraien plana galdetu zuen. Inguruko herrietan dauzkaten sistemekin ez dela Zestoan baino emaitza hobeagorik lortu erantzun zion Arregik. Ontzi arinen bilketan egin daitezken aldaketez jardun zuten, edukiontzien aukera ere aztergai dago, baina ez omen da askoz merkeago aterako, haizea dagoenean bidoiek sortzen dituzten arazoez, sistema merketzeko egin daitezkeen aldaketez, esate baterako, errefusa 15 egunean behin jaso… Ruben Alberdi EH Bilduko zinegotziak gaineratu zuen 2014an sistema hau martxan jarri zenean bera zinegotzi zela eta garbi zutela “bizirik zegoen sistema bat zela, gainean egon beharko zela eta hobekuntzak aztertu eta egiten joan beharko zutela”. Udako oporrak eta gero ingurumen batzordean gai hau lantzen hasiko da. Orain %68-69 biltzen bada, doitze lan batzuk eginda %80 biltzera iristea posible ikusten du Arregik “eta horrela Gipuzkoan gehien biltzen dutenen pare jarriko ginateke”.
Bilkurari amaiera emateko, EAJko zinegotzi Jabi Mantecak erreguen tartean gai bat jarri zuen mahai gainean. Gazte edo nerabeek azken aldian duten “bihurrikerietarako” joera batekin oso kezkatuta zegoela esan zuen. Urez betetako globo eta botilak gauez errepidean pasatzen diren autoei botatzen aritzen zirela. Ertzaintza jakitun zela erantzun zuen alkateak baina horrez gain aho batez idatzi edo bando bat egiteko erabakia hartu zen.
Egin zaitez bazkide