2021eko aurrekontuak onartzeko arrazoiak
— 2021-01-04Egoera zaila bizi dugu. Zestoako EAJko kideok uste dugu pandemia honek ekarri dizkigun zailtasunen gainetik arduraz eta erantzunkizunez jokatu dugula. Udal gobernuari laguntza emateko gure erabateko prestasuna adierazi izan diogu. Jarraipen mahaia eskatu genuen eta gure laguntza beti hor egon da eta egongo da.
2021 urteko aurrekontuak onartu ditugu. Hasieratik ados egon gara COVID19ak gehien kaltetu dituen herritarrak babesteko gizarte politikak indartu behar direlarekin. Ostalaritza zein merkataritza bezalako esparruek ez-ohiko egoera honetan laguntza berezia behar dute. Aurrekontu hauek behar horiei erantzuteko baliabideak eskuragarri jartzen dituzte.
Horrez gain, gure ekarpena bestelakoa ere izan da eta Zestoak etorkizunerako ezinbestekoak dituen honako proiektu hauek aurkeztu ditugu. Gure hauteskunde programan datoz eta argi berdea eman zaie.
– Kultur etxe berria orain dagoen lekuan eraikitzea, dagoena eraitsi eta berria eginez. Dantza, musika eta antzerkia modu duin batean egin eta kultur taldeek beren espazioa izan dezaten. Hurrengo inbertsio handia hemen joango da eta guztion artean nolakoa izan behar duen zehaztu beharko genuke. Momentuz, hurrengo urtean aurreproiektua egingo da eta 2022tik aurrera gainontzeko pausuak emango dira.
– Zubimusu futbol zelaia. Aisialdirako eta hainbat kirol jarduera egiteko prestatu. Zestoak herrigunetik gertu horrelako espazio bat behar du. Horretarako ezinbestekoa da Aranzadiren onespena eta baikorrak gara. 15.000 € bideratu dira proiektua lantzen joateko.
– Zestoako sarrera-irteerak. Dagoeneko abian den proiektua da. Herriko sarrera- irteerak hobetzea ezinbestekoa da.
– Auzoetako beharrei aurre egiteko partida bat zehaztu. 40.000 € bideratu dira auzoen behar izanei erantzuteko.
Aurrez aipatutakoarekin, Zestoak etorkizunera begira zerbitzu eta eraikin egokiak izateko lehenengo urratsak ematen ari garela esan dezakegu. Beraz, pozik gaude.
Orain arte bezala jarraituko dugu gure herria eta auzoen alde lanean. Oposizioan egon arren, elkarlana eta adostasuna posible dela ikusi da. Oraindik asko daukagu eskaintzeko eta egiteko, beraz ilusio honekin jarraituko dugu gure ekarpenak egiten, zestoarren alde jokatuz.
2021 urteak ekar dakigula osasuna eta normaltasuna. Zaindu gaitezen eta besarkada estua Zestoako EAJren aldetik.
Zestoako Alderdi Jeltzalea
Egin zaitez bazkide