219. Iturrian zer dago? Ardotxo txuria

Ez zuen alferrik aipatu Garibayk, duela bost mende, bertso zahar hau: “Mila urte igarota / ura bere bidean”. Lauiturrietan ere, berrehun urte pasata, urak bere bidean. Sastarrain ingurutik abiatzen da ubidea, eta herrira zatozela, zeure eskuin aldean ikusiko dituzu oraindik ere aztarnak (basoak botatzen dabiltza inguru horietan, eta ez al dute zatiren bat apurtuko…). Horma moduko bat da ubide hori, eta maldaren barrenean doa. Olalde pareko ibia edo errekatxoa igarotzeko, harrizko arku bat dauka. Handik, Lili jauregiko gainaldera iristen da, beti bidearen eskuinetik, eta lilitarren ermitaren aztarnen ondotik pasa eta Lauiturrietan amaitzen du bere bidea. Bueno, bidea, berez, itsasoan amaitzen da, poetak zioen bezala: “Nuestras vidas son los ríos / que van a dar en la mar, / que es el morir”.

Ura Gurutzeagaraino ekarri edo ez ibili ziren orduko agintariak (1791. urtea) eta taxuzko arrazoiak ere baziren han. Kontuan hartu behar zela, esaten zuten, iturria zubi barrenean eginez gero, ura etxeetara eraman behar zutenei egiten zitzaien kaltea, osasun aldetik eta deserosotasun ikuspegitik. Gainera, behera joateko, Zubizarretik pasa behar zenez, haren eragozpenak ere aipatzen zituzten: “Haizerik hotzenek eta bortitzenek erasandako zubia, beti eguraldi txar guztien, eguzki-galga, hotzaldi, txingor, euri eta haizeteen menpe”. Azkenean, gorabehera teknikoak eta aurrekontua medio (betiko kontua, alajaina!), Lauiturrietan eraiki zuten iturria, ez herrian bertan. Hala ere, aurrekoarekin konparatuta aurrerapen izugarria izango zen ura zubi barreneraino ekartzea. Lehen, izan ere, askoz urrutirago joan behar izaten zen, eta agintariak jabetzen ziren arazoaz. Honela zioten: “Normalean emakumeak izaten dira ura eramaten dutenak, eta egunean bi aldiz joan behar izaten dute, goizean eta iluntzean. Hori dela-eta, emakumeak arriskuan jartzen dira ordu horietan, gazte buruarin eta ausarten irain eta erasoen menpe, inolako zigor beldurrik gabe ibil daitezke-eta, iturri zaharra herritik oso urruti dagoelako”.

Arazo haiek XX. mende hasieran amaitu ziren, Beliosoro aldetik herrigunera ur korrontea ekarri zenean, eta urte gutxiren buruan herriko etxe denetara ura eramatea lortu zenean. Orduan ere, dena ez zen, ordea, pagotxa; dirudun jendea azkar hasi zen udalari ura eskatzen, baina beste askorentzat garestia izango zen zerbitzu berri hura. Kontuak kontu, artean ere urte dezentetan jarraituko zuten emakumeek Lauiturrietara ur bila joaten, eta horren lekuko da gaur dakarkidan argazki ederra.

Aurelio de Colmenares y Orgazek ateratakoa dugu perla eder hau ere, eta Espainiako Kultur Ondarearen Institutuko Fototekan dago gordea (Fototeca del Instituto del Patrimonio Cultural de España; signatura: DCP-A-0467). 1913. urte ingurukoa da argazkia. Zaharragoa ematen du, egia esan, eta batere informaziorik ez bageneuka, lasai asko esango genuke XIX. mendekoa izan litekeela.

Emakumea, buruan zapia eta solkiarekin. Buru gainean gauza astunak eramateko trapuz egindako uztai edo erroskilla formako babesa zen solkia. “Sorkia” edo “burukotea” ere esaten omen zaio baina nik gure etxean “solkia” entzun dut beti. Haren gainean suila eramango zuen, hortxe bigarren kainuan urez betetzen ikusten dugun horixe bera edo argazkian ageri ez den besteren bat. Barrika txiki baten itxura du suilak, egurrez egina eta latorrizko uztaiekin. Argazkikoa baino zabalxeagoak ere izaten ziren, hamarren bat litro eramateko modukoak. Garai horretarako agian galdua izango zen, baina pegarra ere erabiltzen zen ura garraiatzeko. Lurrezko ontzi handia da pegarra, sabela zabala, eta ahoa eta hondoa estuak dituena, teontzi erraldoi baten antzekoa.

Solkiak, suilak, pegarrak… desagertutako hiztegi bat oroitzen ari gara. Desagertu dira, baita ere, emakumearen aldartea, burutazioak, argazki batek ez daukalako dena gordetzerik, baina ez al zaizu iruditzen, irakurle, une batetik bestera buelta eman behar duela eta hitz egiten hasiko zaigula?

Tira ba, utz diezaiogun andreari bere lanak egiten eta murgil gaitezen argazkiko beste xehetasunetan. Teilatuko huntza edo sasia oso gaur egungoa; errepidea, aldiz, uf… Erdi Arokoa izan daiteke. Bide batez esanda, iturria egin baino urte batzuk lehenago hortik pasatzen zen Azpeitirako bidea, Erretzabaldik eta Bainuetxe gainetik buelta. Errepara iezaiozu, irakurle, beste gauza bati, hor ezker aldeko harraskari; miresgarria iruditzen zait ehun urte beranduago ere, hortxe, toki horretantxe bertan, aska egotea gaur egun ere.

Gainerakoan, zer aipa daiteke? Begira iezaiozu erdiko zuriune horri. Konturatuta egongo zara hortxe dagoela iturria egin zeneko inskripzioa: Fue erigida en el reinado de Carlos IV. Año 1792. Esta fuente de la noble e ilustre villa de Santa Cruz de Cestona”. Argazkiaren garaian, ondo garbituta eta dotoretuta, Bainuetxeko aristokratak liluratuta uzteko. Lanak ematen ditu irakurtzeak gaur egun. Ez baikara monarkikoak.

Gainerakoan, ezer berririk ez. Emakumea bere bakardadean, guri begira jartzeko zorian, edo suila hartu eta guri planto egiteko prest.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide