220. Piknik bat Ekainen (Mari Karmen gogoan)

Ez nuke inor mindu nahi lerro hauekin, edo besteren bat gutxietsi, baina bihotzez aitortu behar dizut, irakurle: Mari Karmen instituzio bat izan zen garai batean (hiztegiak “itzal handikoa” proposatzen du “ser una institución” esateko, baina niri benetakoagoa egiten zait instituzio hitza erabiltzea). Oraindik ere, Fermin Leizaola etnografoak, Donostia aldean ikusten nauenean, beti aipatzen dit Portu eta hango janaria eta zerbitzua. Pena ederra hartu zuen hark, itxi zutenean, bai horixe! Jende izendun franko pasa zen bertatik, eta, era berean, oso herrikoia zen, herriko zelebrazio guztien topaleku. Luze joango litzaiguke han, mahai bueltan, ospatutako bataio, jaunartze, eztei, bertso jaialdi, danborrada, Santa Zezilia… milaka ospakizunen zerrenda egitea.

Nik neuk batzuetan bazkaldu/afaldu izan nuen bertan, lagunartean, baina duela hogeitaka urte, Ekaingo erreplikaren proiektua puri-purian zegoeneko kontuak ekarri nahi ditut gogora. Zenbat aldiz jo genuen Portura garai garrantzitsu haietan! Eta zenbat eskertu behar diegun! Ekainen barruan neurriak hartzen ibili ginenean, bazkari dena txukun-txukun prestatzen ziguten kaxatan Portunekoek, eta piknikean bageunden bezala, han jaten genuen Ekaingo atarian, Sansonek –erreplikaren egileak–, Altunak, arkitektoak eta han lanean aplikatzen ginen denok. Une miresgarria, lauzpabost ordu haitzulo barruan egon ondoren, eguzkia ikusten genuelako, eta hantxe atari hartan bertan historiaurrean jango zutenen kide sentitzen ginelako.

Hurrengo, prentsaurrekoren bat edo hitzaldiren bat izango zen udaletxean, eta orduan banderillak, edariak… luntxa prestatzea tokatzen zitzaien Mari Karmen eta familiakoei. Eta beste askotan, Frantziako, Portugalgo, Espainiako… adituak etorriko ziren Zestoara, eta askotan Portunera eramaten genituen. Orduan, nik letrekin adierazi ezin dudan kutsu sublime bat hartzen zuen bazkari hark. Jendeak, ospakizun handietan-eta, gauzarik berezienak atera ohi dituen bezala, Mari Karmenek momentu haietan bere jarrera, abilezia eta izaerarik liluragarriena ateratzen zuen. Esate baterako, guk ikasketa “handiak” bai, baina bonjour, bonsoir, un café s’il vous plaît eta beste pare bat esalditik aparte besterik ez genekienean, orduan, Mari Karmenek karta dena frantsezez kantatuko zien mahai-kide haiei, eta bien sûr, oh, c’est délicieux, oh, le souffle est superbe, eta abarrekin, giro bat sortuko zen, oso-oso berezia.

Hurrengo, ordea, gehienetan jende herrikoiagoekin egin beharko zuen lana, eta haiek ere arreta eta fundamentu berdinarekin tratatuko zituen. Bai, instituzio bat maila guztietako jendearentzat. Gure etxean ere instituzio bat zen, eta horregatik gorde dugu hainbat urtetan hona ekarri dudan argazki atsegin hau.

Enrike Zurutuza albaitari azpeitiarrak esaten zuen, urzaleei esker Zestoako jendeak jendetasun edo don de gentes aparta zeukala, edukazio onekoa, beti laguntzeko prest, hitz egiten egokia eta gozoa, inoiz aldrebes ibili gabe… Mari Karmen bezala. Agian desagertzear dagoen izaera baten azken adibideak.

Egun hauetan, askok sentituko dugu zure falta, Mari Karmen. Eta zurekin bizitako une hunkigarri haiek altxorra bezala gordetzen saiatuko gara, oroitzen zaitugun bitartean gure artean egongo zarelako. Idazle batek zioen bezala, Lo imparerá molto prest, straniero, che non finisse niente con la morte, tutto continua, non posso pensare che si riduca ai vivi la mia vita” (azkar ikasiko duzu, atzerritar, ezer ez dela amaitzen heriotzarekin, denak jarraitu egiten duela; ezin dut pentsa bizi direnetara murrizten denik nire bizitza).

Orduz lehen joan zara, Mari Karmen, neguaren erdian, sahatsak eta mimosak oraindik ausartu ez direnean beren loretxoak ateratzera. Baina etorriko da udaberria, eta orduan piknik bat egingo dugu Ekaingo atarian, zure ohorez, eta egunen batean elkar berriz ikusiko dugun itxaropenez. Musu handi bat, Mari Karmen, zauden tokian zaudela, eta adiorik ez. Besarkada handi bat, Josemari, Nerea, Leire, Mikel eta familia osoari.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide