252. Kaka zaharra

Zestoan eta gainerako bazterretan orokortua badago ere, Aizarnatik dator notizia oraingo honetan: Aspalditik konturatuta zegoen aizarnar bat, Aizarnatik Etumetako bidegurutzera bitartean, norbaitek garagardo latak botatzen zituela. Ez dela aurreneko aldia jasoketa egiten duela ere gaineratu du. Jasotzen hasi, eta 21 bildu ditu, denak marka berekoak. Dirudienez, autoz doan norbaitek egiten du zerrikeria, 5 kilometroko errepide zatian, garagardoa edan eta behetik goranzko norabidean, ezkerraldetik botatzen ditu, itxura guztien arabera, kotxeko leihotik.” (danbolin, 2022-03-13).

Atentzioa ematen didate, gauza berria ez bada ere, horrelako portaerek. Nik nire bizitzan kontsideratzen dudan gauzarik inportanteenetako bat egon ohi da jopuntuan: besteenganako errespetua edo begirunea. Edo modako hitz bat erabiliz, enpatia, hau da, besteen lekuan jartzea. Tartean behin Aztarka honetan lantzen dudan ikuspegi polemiko horretatik begiratuko dut kontua orain ere, eta, ezer baino lehen esango dizut, irakurle, gaizki esanak barkatzeko.

Pertsona horrek ez daki, nonbait, organikoa eta ontziak bereizten. Organikoa da, esate baterako, pertsona horrek egiten duen kaka edo txiza. Zerbeza edan ondoren, txizagura etortzen bazaio, ez zaio ezer gertatuko ingurumenari, autotik jaitsi eta lasai ederrean parrasta bikaina egiten badu, alegia. Eta zerbait solidoagoren bat egin beharra badu berriz, hori ere ederki asko eraldatuko du Ama Lurrak. Metalezko edo plastikozko ontzia bada, ordea, hantxe geratuko da bide edo ibai bazterrean per saecula saeculorum, ingurumen guztia kutsatzen eta naturaren edertasuna itsusten. Eta gizakion lotsarako.

Pertsona horrek, agidanez, ez du bereizten besteren terrenoa eta berea; dena du berea, eta libre du, antza denez, bere kakatza edozein bazterretan uztea. Pertsona hori, beti bide berdinetik dabilen mando zaharra bezala, ohitura-gizona da (seguru nago gizona dela). Pertsona horri batere ez zaio inporta gizakiok eragiten ari garen hondamendi ekologikoa. Pertsona horrek, gauza bat du buruan: bere erritu txikia egitea beste ezer inporta gabe; autoan, bere zerbezatxoa edanez joatea Etumeta aldera, eta potoa amaitutakoan “Dios, ederra zitxion ba” esan bere buruari, eta aplikatzen zaion lekuan, bide bazterrean, botatzea lata amorragarria. Pertsona hori, amaitzeko, insolidario eta errespetu gutxikoa da gizalegearekiko. Hor, Aizarnako ekarpen gunean ikusten ditudan zerbeza-poto horiek denak, bere ohean botata uztea mereziko luke narras madarikatuak. Hitz gogorregiak badira, barka diezadala irakurleak.

Zer kostatzen zaio gure garagardo zaleari, bere latatxoa hustutakoan, kotxean gorde eta gero etxeko hondakinen ontzian uztea? Kosta batere ez, baina arduragabekeria tartean denean, eman behar gure auto gidariari besteenganako begirunea eta enpatia bizkarrak bere izen ona galtzen duen toki horretara joaten zaizkiola.

Zaborraren kontu hori izurrite ikaragarria ari zaigu bihurtzen gure inguruetan, eta Aizarnako narrasa ez da bakarra. Lehen baserritarrak ziren, beren zaborrak edozein zulo edo erreka bazterretan botatzen zituztenak. Orain, baserritarrak gero eta sentsibilizatuagoak daude, eta ekarpen gune eta zabortegietara jotzen dute gehienetan. Aldiz, mendira zurrutera doazen kale eta baserritar kumeak gero eta lotsagabeagoak bihurtu dira; mendia ez da natura edo lasaitasuna eta errespetua merezi duen zerbait, baizik-eta besteengandik ezkutatuta lasai ederrean jateko eta edateko txokoa. Kalean ere gauza bera: pipita-azalak nonahi, gozokien plastikozko bilgarriak… Gero, hori bai, Joxemarik edo Xabierrek garbitu dezatela, eta denera iristen ez badira, laster entzungo ditugu etengabeko letaniak: herria zerri eginda dagoela, ez dagoela eskubiderik, non dagoen udala…

Hemen denok gara ekologistak, hemen denok gaude sentsibilizatuta zabor kudeaketarekin, hemen denok gara ezkertiarrak eta burujabetzaren aldekoak baina gure ikuspegi aurrerakoia honetan datza: zaborra eta kaka sortu eta herriko enplegatuak garbi dezatela. Edo Aizarnako kasuan bezala, aizarnar anonimo batek jaso dezala. Gutxi inporta gainera. Zerrikeria han eta hemen: etorkizuneko belaunaldientzat eredu bikaina. Nirea eginez gero, gainontzekoena gutxi inporta.

Uste dut hemen ere Ayusoren “Libertad, libertad…” haren antza duela kontuak. Irakurleak gogoratuko du iaz Isabel Diaz Ayusok elkarrizketa batean bota zuen perla: “La libertad es la posibilidad que cada mañana tiene un ciudadano, si tiene oportunidad, de elegir el tipo de vida que quiere” (Askatasuna da herritar batek, aukerarik badu, goizero nahi duen bizimodua aukeratu ahal izatea.).

Askatasuna ez da, ordea, Ayusok aldarrikatzen duen bezalakoa, alegia, bere klase sozialak nahi duena egitea, edo talde jakin batek –kasu honetan Aizarnako mendia zaborrez kakazten duenak– nahi duena egitea. Askatasuna da norbera aske izatea eta gainontzekoak (pertsonak eta natura) errespetatzea eta besteekin solidario izatea.

Argazkia: Lata bizidunak (Fernando Arzallus). Santander, 2018-01-05

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide