322. Oinazearen aurkako txertoa
Danbolin— 2026-03-10Burua hausnarrean jartzeko aitzakia eman dit Sanchez presidentearen esaldiak: “No a resolver conflictos con bombas. La posición española se resume en cuatro palabras: no a la guerra”. Alderdi sozialistaren gerrarako ezkortasun hori baloratzea alde batera utzita, pentsatzen jarri naiz zenbat egin ote duen atzera edo aurrera antimilitarismoak gure artean. Eta pentsamendu horrek neure gazte denborara eraman nau.
Gu antimilitarismoaren itzalean hazitako gazteak gara. Gogoan daukat oraindik, ehunka mila lagunek (800.000 lagun, antolatzaileen arabera) parte hartu genuela, 1986ko otsailaren 23an, Madrilen, Espainia NATOtik ateratzea eskatzeko manifestazioan. Salamancan nengoen ni, ikasten, eta handik joan ginen jende mordoxka, estatu osotik Madrilen elkartutako jendearekin bat egitera.
Ordurako, oso garbi geneukan, bestalde, soldaduskarik ez genuela egingo, ez hura eta ez bestea (baziren “soldaduska hori ez” esaten zutenak, baina agian bestea –alegia, Herria askatzeko beste soldaduska hura– egiteko prest zeudenak). Eta ez genuen egingo soldaduskaren ordez jarri nahi zuten Ordezko Zerbitzu Soziala ere, derrigorrezko soldadutzaren ordezkoa, gauza bera zelako eta, finean, soldaduska ez egiteagatik zigorra zelako. Gauza horiek historia, oso aspaldiko historia, dira gaurko gazteentzat.
Esango nuke pentsamendu kritiko eta antimilitarista hura zabaltzen orain baino askoz lan gehiago egin genuela eta gizartea gehiago inplikatzea lortu genuela. Ez nago seguru. Iritzi antimilitarista hura ez zen gure garaikoa bakarrik; gure aurretik zetorren, baina geureaz jardungo dut bakarrik lerro hauetan.
Zestoako hainbat gazteren ikuspegi antimilitarista hura munduari begira jarri zen momentu bat Kuwaiten inbasio garaia izan zen. 1990eko abenduaren 3an, Saddam Husseinen Irakek Kuwait inbaditu zuen. Estatu espainiarra OTANen sartua zegoen eta, “inperialismo yankiari” men eginez, Persiar Golkoan interbentzio militarra egitea defendatzen zuen. Hori zela eta, mozioa aurkeztu genuen Zestoako Udalean. Zaila da sinadura batzuk zeinenak diren identifikatzea baina hor ginen, bultzatzaileen artean, besteak beste, Aitor Alberdi, Xabier Arrieta, Bizente Davila, Ander Cestona, ni neu eta beste mordoxka bat (emakumerik ez dut uste).
Ez dakit gaurko gazteek zer nolako informazioa daukaten nazioarteko politikaz, baina orduko paperak aztertuta ikusten dut guk bagenuela oinarrizko jakintza. Jakitun ginen Irakeko agintariek Kuwait erasotzen ari ziren garai haietan, mendebaldea prest zegoela interbenitzeko, baina Irakek Iran erasotu zuenean eta “azkenaldiko gerrarik luze eta odoltsuenetakoa hasi zenean” (1980-1988) mendebaldea ez zela aurka azaldu, eta, gainera, “hortzetaraino armatu zuela erasotzailea” (Irak).
Jakitun ginen, baita, “mendebaldeko produktuekin egindako arma kimikoak erabili zirela kurduen genozidioan” (1986 -1989) eta mendebaldea isil-isilik egon zela. Jakitun ginen “inork ez zituela defenditu Egipto eta Palestina, Israelek egin zituen erasoetatik”. Ikusten denez, Ekialde Hurbila, oraintxe bezala, bolborategi bat zen orduan ere. Gauzak ez dira asko aldatu.
Bada, 1990eko mozio hartan, Persiar Golkora soldaduak bidaltzea salatzen zen, “Estatu Batuen eta bere sikarioen politika militarista eta erasotzailea errefusatzen zen”, estatu gehienek “Estatu Batuen interesei zioten mendekotasuna” deitoratzen zen, eta gatazka hartan parte hartu nahi ez zutenekiko elkartasuna adieraztea eskatzen zitzaion Udalari.
Udalari mozioa aurkezteaz gain, Golkoko Gerraren Aurkako Zestoako Batzordea eratu zen, 1991ko otsailaren 5ean, Kultur Etxean (garai hartan, udaletxeko bigarren solairuan). Lehenago, Euskal Herri mailakoa eratu zen eta “interbentzioaren aurkako fronte zabal bat bultzatu” nahi zen, “arazoaren arrazoiak kaleratuz, Golkoko konfliktoari irtenbide ez militarra hartzea exijitzen zelarik”. Egia esateko, ez ginen jende ikaragarri hausnarketa haietan, baina harro egoteko moduko ekimenak iruditzen zaizkit, herri mailan ezer asko egiten ari ez garen egunotan.
Urte haietan, gainera, nazioarteko ikuspegi antimilitarista jorratzeaz gain, egundoko lana egin zen intsumisioaren alde, eta herriko gazte intsumituei –asko kartzela zigorrekin– elkartasuna adierazteko. Baita beste gauza “xumeago” batzuetan ere, esate baterako, umeei jostailu belikorik ez erosteko kanpaina eginez, hainbat eta hainbat Gabon ingurutan.
Gogoan dut, baita ere, Bosniako gerra garaian (1992-1995), bilera dezente egin zirela Zestoan SOS Balkanes erakundearen lana ezagutzera emateko eta dirua biltzeko. Gobernuz kanpoko erakunde hura Balkanetako gatazkan basakeriari aurre egiteko sortua zen eta garapen proiektuak eta laguntza solidarioa bultzatzen zuen. Lan handia egin zuen Euskal Herrian errefuxiatuak artatzeko. Gipuzkoan, Ordizia izan zen Balkanetatik ihesi zetozen pertsonak hartu zituen herri ezagunena baina ez bakarra. Zestoako Udala ere inplikatzea lortu zen, ez errefuxiatuak hartzeko, baina bai laguntza ekonomikoa emateko. Bosnian bortxatuak izandako emakumeen arazo larria ikustarazteko mozioak ere aurkeztu ziren.
Behar bada, Irakeko gerra garaia (2003 – 2011), zeinetan, Azoreseko hirukotea delakoan Espainiako presidentea zegoen, izan zen borroka antimilitaristaren azken urrats garrantzitsua. Eta berriki, berriz, Gazako genozidioaren kontrako aldarrikapen eta manifestazioak.
Azken aldian, inpotentzia eta ezinegona nagusitu zaizkigu barrenean. Gure bilera haiek, gure manifa haiek… ez zuten, agian, batere aldatuko munduaren egoera, baina ahaleginak piztu egiten gintuen, antimilitarismo ikuspegi zabal bateko kide sentitzen ginen, gerraren aurkako gure mezuak xirimiriak bezala gizartea blai egingo zuela uste genuen, eta –hitz potoloak diren arren– munduko sufrimendu kuota arintzen laguntzen ote genuen sentsazioak aurrera egiten laguntzen zigun.
Gaur egun eszeptiko hutsak gara, zeharo kokildu gara, uste dugu ezerk ez duela ezertarako balio, ahalegintzea gauza neketsua eta alferrikakoa dela. Primerako aitzakia ezer ere ez egiteko. Eta geure burbuilatxoan goxo-goxo segitzeko, telebistari begira, nirekin zerikusirik ez duen gauza bat balitz bezala. Per saecula saecularum. Hil arte.
Gerrari ez!
Egin zaitez bazkide
