Albisteak

36.000 bisitari izan ditu Ekainberrik 2019an

2008ko irailaren 11ean zabaldu zituzten Ekainberriko ateak lehen aldiz. Ordutik, 365.778 bisitarik ezagutu dituzte Gizateriaren Ondare diren Ekain kobazuloko margoak. 2019an 36.000 pertsonek zeharkatu zituzten erreplikako txokoak.

Azken urteetan bisitari kopuruak igoera nabarmena izan duela azpimarratu dute Ekainberriko ordezkariek. “Azken zazpi urteetako datuek erakusten duten bezala, 2012an Ekainberrik izan zituen 25.000 bisitariak baino %44 bisitari gehiago izan ditu 2019an” azaldu dute.

2019. urtean Ekainberri eta Lili Jauregia bisitari nagusiak Euskal Autonimo Erkidegoko biztanleak izan dira, bisitari guztien %66a hain zuzen ere. Estatuko bisitak %27a izan dira eta %7a atzerritarrak.

50. urteurrena

2019an 50 urte bete ziren Ekain koba aurkitu zutenetik. Urteurrena zela eta, ekintza ezberdinak egin zituzten urte guztian zehar. Otsailean, Kobaz Kobaren IV. edizioan parte hartu zuen Ekainberrik eta maiatza eta ekainean, Ekaingo margoen kalkoekin osatutako erakusketa antolatu zuten Deban. Ekainaren 7an izan zen urteurrenaren ospakizun nagusia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatuta. Ekainfest eguna eta ate irekiak ere egin zituzten, besteak beste.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide