39 urte Mombar hoteleko sarraskitik

 
Oroimenean mantentzeko, hilaren 28an egingo da omenaldia Gisasola Plazan, 13:00etan hasita.
Gaurkoan, gogora ekarri nahi ditugu 1985. urteko irailaren 25ean, Monbar hoteleko (Baiona) sarraskian, GALen ekintza baten ondorioz erailak izan ziren ETAko lau militanteak. Era berean, aipu berezia egin nahi diogu gure herritarra zen Xabin Etxaideri.
Garai hartan, Baionara errefuxiatu politiko ugari joan ohi ziren, estatuaren errepresiotik ihesi. Mombar hotela, zehazki, errefuxiatu euskaldunen elkargunea zen. Ekintza hau, beraz, errefuxiatuen aurkako eraso bat izan zen; izan ere, errepresioa mugaz gaindi aplikatzeko gaitasuna zuela erakutsi zuen estatuak horren bidez.
Gerra zikinaren testuinguruan, estatuak hainbat talde paramilitar erabili zituen bere aurkako erresistentzia orori aurre egiteko. Ekintza horrek trantsizioaren fartsa argi erakutsi zuen, baita estatuaren berezko izaera errepresiboa ere.
Gaur egun, atzo bezala, argi dugu estatuak bere eskura dituen baliabide guztiak erabiliko dituela enpresarien eta politikarien boterea zalantzan jar dezakeen mugimendu oro jazartzeko. Horri aurre egiteko, independentzia politikoaz langileriaren eskubide politikoak eskuratzeko borrokan sakontzeko beharra azpimarratu nahi dugu.
Amaitzeko, dei egiten dizuegu irailaren 28an, eguerdiko 13:00etan, Gisasola Plazan egingo den omenaldian parte hartzera.
Oroimenean manten ditzagun, Gora Xabin!



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide