Albisteak

“400 baietz!” kanpaina martxan da!

Danbolinzulo Kultur Elkartean “400 baietz!” bazkidetza kanpaina jarri dugu martxan. Ez zaigu asko falta 400 bazkide izatera iristeko, eta hori bada zerbait gurea bezalako herri batean. Erakundeen diru-laguntzez gain geure sarrera propioak indartsu izatea garrantzitsua da eta urtero saiatzen gara bazkide berriak egiten. Aurten festetan 400 bazkidera iristea dugu helburu.

Azken urteotan 15 euroko bi kuota ordaintzen ziren urtean bazkide izateagatik. Uda aurretik ordaintzen da aurreneko kuota eta urtea amaitu aurretik bigarrena. Aurten, 15 euroko kuota 16 eurora igo beharrean aurkitu gara, geurean ere “denak egin baitu gora”. Ordainetan “denona” den proiektu honen parte izango zara eta urtean zehar egiten ditugun bazkideentzako zozketetan zuzenean hartuko duzu parte. Hori gutxi ez eta aurten ere festetan mariskoz betetako otarra zozketatuko dugu kale kantoian bazkideen artean. Ez da aukera makala jai egunetan familian edo lagun artean gozatzeko.

Aurten bereziki azpimarratu nahi dugu BAZKIDEA Danbolin proiektua bere osotasunean (aldizkaria, webgunea, eragiletza lana…) diruz laguntzen duen pertsona dela. Askotan aldizkaria etxean jasotzearekin lotzen dugu, baina Danbolin aldizkaria baino askoz gehiago da. Tarteka pluralarekin ere lotzen dugu eta “gu bazkide gara” edo “gure etxean bagara” edo antzekoak entzun izan ditugu. Bazkidetza pertsonala da, ordea. Zorionez herriko etxe askotan bi bazkide ere baditugu.

Zeren zain zaude bazkide egiteko?

Hemen duzu aukera




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide