Albisteak

400 kasuko intzidentzia tasa gainditu du Zestoak

Azken bi egunetan koronabirus kasuek gora egin dute Zestoan. Osakidetzak kaleratu berri duen txostenaren arabera, lau kasu berri atzeman zituzten atzo herrian. Azken hamalau egunetan 18 kasu atzeman dituzte eta ondorioz, intzidentzia tasak gora egin eta 400eko langa gainditu du. Gaur gaurkoz, 410,89 kasukoa da 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko intzidentzia metatua herrian.

Zestoako osasun eremuko (Zestoa – Zumaia – Getaria) intzidentzia tasa 625,04an kokatu da gaur. Itxiera perimetrala ezarri beharreko herrien zerrenda astelehenean eguneratuko da, eta litekeena da datu horiek ikusita, Zestoan neurri horiek ezartzea. Hala ere astelehenera arte itxaron beharko dugu agintariek hartutako erabakien berri izateko.

Eskualdean ere kasuek gora egiten jarraitzen dute. Azkoitia, Orio, Zarautz eta Zumaia eremu gorrian daude. Azkoitian hamalau kasu atzeman dituzte azken orduetan, hiru Orion, hamabost Zarautzen, eta hamabi Zumaian. Azpeitian 400eko intzidentzia tasara iristear daude eta atzo bederatzi kasu gehiago zenbatu zituzten han. Aian hiru kasu zenbat dituzte eta Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman bat ere ez.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide