Albisteak

50. urteurren ekitaldia egin du eguerdian Lau Iturri elkarteak

Eguerdiko hamabietan elkarte aurrean jarria zegoen hitzordua Lau Iturri elkarteko gaur eguneko bazkideentzat. 50 urte bete dira elkartea sortzea erabaki zutela eta aitzakia hori baliatu dute biziri dauden bazkideei omenaldi txikia egiteko. Txistulariak, aurreskua eta hamaiketako oparoa ez dira falta izan urteurren biribilean. Urko Cansecok, gaur eguneko elkarteko lehendakariak egin du hitzartzea. Bileretako akta zaharretan, besteak beste, elkartea sortzeko 17.000 pezetako kapital soziala jarri zutela bazkideek irakurri zuela esan du. Gaur eguneko lokala 1978ko urriaren 11n inauguratu zela eta elkartean bazkide bezala sartu zen aurreneko emakumea Izaskun Arrazola izan zela 1976ko urriaren 25ean” kontatu du Cansecok. Elkarte aitzindaria izan dela ere esan du, Euskal Herrian zehar emakumeek hamarkada luzeetan elkarteetako ateak itxita izan dituzten bitartean, Zestoan ateak ireki zitzaizkien eta danborradan jotzeko eskubidea izan dute. Donostian edo Azpeitian lehen aldiz 1980an atera zirenerako Zestoako emakumeak hainbat urte zaramatzatela ateratzen azpimarratu du.

Orain dela 50 urte elkarteak bizi zuen errealitatea eta gaurkoa oso desberdinak direla ere esan du, ohiturak aldatu egin direla eta elkartea erabiltzeko modua ere ez dela bera, baina aurrekoek hasitako bidea jarraituko dutela gaineratu du.

Jose Manuel Errasti, Felix Ruiz eta Juan Antonio Kortadiri aurreskua egin die Amaiur Aristik eta ondoren oroigarri bana eman zaie. Bertaratu diren bazkide guztiek argazkia atera dute eta hamaiketakoarekin tertulian eman zaio ekitaldiari amaiera.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide