Albisteak

53 zestoarrek hartuko dute parte VI. Kobaz Koba Trail lasterketan

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Kobaz Kobaz Trail lasterketa arrakastatsua. Otsailaren 13an jokatuko da Arazik eta Agiro Mendi Klubak Zestoako Udalarekin elkarlanean antolatzen duten lasterketaren seigarren edizioa.

Iragan abenduaren 10ean zabaldu ziren lasterketan parte hartzeko izen-emateak eta antolatzaileek azaldu dute “ziztu bizian” amaitu zirela dortsalak. Aurten, egoera dela eta, parte hartzaile kopurua mugatu behar izan dute. “Artzei (15km) ibilbiderako 320 parte hartzaile izena emanda daude eta beste horrenbeste Zaldei (25km) ibilbiderako baina itxaron zerrendan 92 eta 80 pertsona geratu dira hurrenez hurren, 172 korrikalari guztira. Ezohiko garai hauetan ezinbestekoa baita lasterketaren kalitateaz gain, guztion segurtasuna ere zaintzea” azaldu dute antolatzaileek. Korrikalari guztien artean, nabarmentzekoa da zestoar kopurua. Guztira, 53 herritarrek hartuko dute parte lasterketan: 30 Artzei ibilbidean eta 23 Zaldei ibilbidean.

Egoerara egokituta

Osasun egoerak baldintzatuko du aurtengo Kobaz Koba Trail lasterketa. Antolatzaileek azaldu dute musukoaren erabilera nahitaezkoa izango dela irteera neutralizatuan eta helmuga zeharkatu ostean. Horrez gain, plazan ez dute hamaiketakorik emango eta sari banaketa ekitaldirik ere ez da izango. Horren ordez, helmugara iristen diren lehen hiru korrikalariei iritsi bezain laster emango diete saria. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie lasterketa antolatzea posible egin duten guztiei.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide