Albisteak

630 ikusle bildu ditu Zestoako X. Antzerki Asteak

Haykio antzezlana (Argazkia: Eromen Produzkioak)

Pasa den igandean amaitu zen Zestoako Antzerki Astearen hamargarren edizioa. Eromen Produkzioakeko kideak “oso gustura” eta “eskertuta” agertu dira: “Inoiz baino egitarau aberatsagoa izan da. 630 ikusle etorri dira emanaldietara, bai Zestoatik eta baita inguruko herrietatik ere. Antzezlan batzuk publiko kopuru murriztuak ikusteko pentsatuta zeuden, eta hauek oso bereziak izan dira Haykio eta Sexberdinak esaterako. Askotariko gaiak landu dira antzezlanetan, eta horrek aukera desberdinak ekarri ditu herrira. Alde horretatik inoizko edizio oparoena izan da. Harriminak antzezlana ezin egin izanaren penaz geratu gara, aktore baten osasun arazoak direla eta. Baina ea aurrerago etortzeko aukerarik duten”.

Eromeneko kideek azaldu dute “beste behin ere” agerian gelditu dela Caravan Park bezalako guneak “aukera ederra” ematen dutela edozein motatako emanaldiak egiteko, eta Zestoako Udalari eskerrak eman dizkiote gune hori erabiltzeko aukera emateagatik. Kultura “beharrezkoa” dela aldarrikatu dute, eta antzerki astea bezalako egitasmoak “herria bizirik mantentzeko nahitaezkoak” direla gaineratu dute. “Lanean jarraituko dugu, gutxienez beste hamar urtez antzerkia herrira hurbiltzeko. Orain indarrak hartuko ditugu, baina laster hasiko gara ZAA!23 makinatzen” azaldu dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide