Albisteak

Errefortzu eskolen aurkezpena eta hitzaldia izango dira ostegunean Alonderon

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako bolondres talde batek hartu du taldearen ardura. Saioak asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:30etatik 18:30era, gaztelekuan.

Urtebeteko etenaldiaren ostean, martxan da errefortzu eskolen proiektua. 2017an abiarazi zuen ekimena Caritasek eta 2019an, gazte asanbladak hartu zuen ardura. Urtebeteko etenaldiaren ostean, berriro ekin diote proiektuari eta hemendik aurrera, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako boluntario talde batek hartuko du gidaritza. Saioak asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:30etatik 18:30era, gaztelekuan.

Ortzi Alberdi boluntario sareko kideak azaldu du Kontseiluko boluntario sarea martxan jarri zutenetik, garbi zutela proiektu honi eutsi behar ziotela. “Boluntario sarearen baitan, langile klasearen elkarlaguntza eta defentsarekin planteamenduarekin proiektu ezberdinak ditugu eskuartean eta errefortzu eskolen proiektuan parte hartzea ezinbestekotzat jo genuen”. Proiektu honek “behar batzuk kubritzen” dituela adierazi du Alberdik eta aurrez martxan dituzten proiektuekin, hala nola, aholkularitza juridikoarekin edo elikagai biltegiarekin batera, “komunitate eta elkartasun” sare bat sortzea du helburu.

Alberdiren esanetan, etxe askotan euskaraz ez dakiten gurasoak daude eta haur horiei etxeko lanak egiten laguntzeko arazoak dituzte. Euskara euskal klase ertainaren proiektu kulturalaren barruan txertatu izan dela adierazi du Alberdik eta horri esker iraun duela. Klase ertaina, ordea, “desagertzen ari den fenomeno” bat dela dio eta horren barruan, euskara ere desagertzeko zorian dagoela. Hori horrela, euskarak etorkizun bat izan behar badu “euskal klase langileak euskara bere proiektu kulturalean txartatzea” nahitaezkoa dela adierazi du. “Proiektu honek horretan egin dezake aportazioa; azkenean, komunitate bat sortzen ari gara. Langile klasearen barruko hormak puskatu eta euskara gure proiektu kulturalean txertatzea dira gure helburuetako batzuk eta proiektu honek horretan ere bere ekarpena egin dezakeela uste dugu.”

Aurkezpena eta hitzaldia

Ostegun honetan, hilak 18, proiektuaren aurkezpena egingo dute, arratsaldeko 18:30ean hasita, Alonderoko kultur aretoan. Aurkezpenaren ondoren, euskara eta klase sozialen inguruko hitzaldia eskainiko du Paul Beitiak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide