Albisteak
Pediatra euskalduna hasi da lanean anbulatorioan
— 2021-12-012019ko ekainaz gerotik pediatra euskaldunik gabe egon ondoren, pediatra euskalduna hasi da lanean Zestoako anbulatorioan. Lanpostu horrek Zumaia, Getaria, Aizarnazabal eta Zestoari eragiten dio eta joan den martxoan, lau herrietako udaletan pediatra euskalduna eskatzeko mozioa onartu zuten.
2019ko ekainean, lau herrietako haurrei zerbitzua emateko euskaraz ez zekien pediatra bat jarri zuten eta lau herri horietako alkateek gutunak bidali zituzten Osakidetzara, kexa adieraziz eta egoera konpontzeko eskatuz. UEMAk azaldu du, arazoari konponbidea emateko asmoz, UEMA eta Osakidetzaren artean bilerak egin zirela baina garai hartan konponbiderik ez zela lortu. Hori dela eta, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak erreklamazioak helarazi zituen Hizkuntza Eskubideen Behatokira.
UEMAk dio, 2021eko otsailean, pediatra ez-euskaldunaren egoera betikotzen ari zelakoan, berriro jarri zirela harremanetan Osakidetzarekin, eta Osakidetzak jakinarazi ziola pediatraren lanpostuak hizkuntza eskakizuna ezarrita zuela eta lekualdaketa lehiaketa prozesu batean sartuta zegoela. UEMAk jakinarazi du iragan astean bukatu zen lehiaketa prozesua eta pediatra euskalduna herrian lanean ari dela jada.
Egin zaitez bazkide