Albisteak
Argiteriaren kudeaketaren zati bat berreskuratu du udalak
— 2022-02-03Aurreko legealdian udalak herriko argiteria publikoa 10 urterako pribatizatzea erabaki zuen eta 2018az geroztik, Zestoako argiteria publikoa Tecuni enpresak kudeatzen du. Udala enpresarekin akordio batera iritsi da eta argiteriaren zati bat berreskuratzea lortu du. Atzoko udalbatzarrean, erabakia ontzat eman zen EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin.
Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi zuen Zestoako argiteria publikoak, guztira 1.171 puntu dituela eta horietatik 274 berreskuratuko dituela udalak. Puntu horiek “herriko gune estrategikoenetako” eremuan daudela ohartarazi zuen. Hemendik aurrera, beraz, herrigune nagusiko argiteriaren zatirik handiena udal brigadak kudeatuko du eta gainontzeko guztia Tecuniren esku geldituko da 2028ra arte. Arregik “ezinbestekotzat” jo du argiteria publikoaren zati hori berreskuratzea.
Bestalde, EAJk ez du ontzat eman erabakia. Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak azaldu zuen ez daudela ados erabakiarekin: “Gure ustez ez da drama bat zerbitzu batzuk pribatizatzea. Helburua zerbitzu on bat ematea izan behar da”.
Egin zaitez bazkide