Albisteak
Kale erabileraren azken neurketen emaitzak kaleratu ditu UEMAk
— 2022-03-172021eko maiatzeko kale neurketan jasotako datuak 2017koekin alderatu dira eta emaitzak argi dio: umeen artean hamabi puntuko galera izan du euskararen erabilerak, nahiz eta hamarretik zortzi euskaraz entzun dituzten. Heldu nagusien artean ere jaitsiera dago, eta beste hiru adin tarteetan, berriz, igoera.
UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak prestatutako ereduari jarraiki, 16 orduz neurtu zen kaleko erabilera Zestoan: asteko zazpi egunetan egin zen neurketa, hamasei egunez, bakoitzean ordubete. 2021eko maiatzaren 3an hasita, bi astez egin zen neurketa, egunero, eta hurrengo asteko asteburuan ere bai. Ez zen ibilbide berezirik prestatu: herriko erdigunean, jendea ibili ohi den lekuan egin ziren neurketak. Guztira 556 elkarrizketa eta 1.908 solaskide zein hizkuntzatan hitz egiten ari ziren erreparatu zen.
Zer dio emaitzak?
2021eko neurketan, hiztunen %75,4 sumatu dira kalean euskaraz. Gainerako hizkuntzen erabilera askoz apalagoa da: gaztelaniaren erabilera %22,3 da herriko kaleetan, eta beste hizkuntzena, %2,3. 2017ko neurketarekin alderatuta, euskararen erabilerak behera egin du, bi puntutik gora; eta beste hizkuntza batzuen erabilera ia bikoiztu egin da. Gaztelaniaren erabilera puntu bat handitu da. Edonola ere, akats tartearen barruan daude gorabehera horiek guztiak. Erabileran apenas dago alderik sexuari dagokionez: emakumeek gehixeago egiten dute euskaraz, puntu erdiko aldearekin.
Euskara da hizkuntza nagusia adin talde guztietan, baina badira ñabardurak adin talde batetik bestera. 2021eko neurketaren arabera, gazteek erabiltzen dute euskara gehien (%90,7), eta atzetik daude heldu gazteak (%86,1) eta haurrak (%79,2). Heldu nagusien eta adinekoen artean dago gaztelaniaren erabilera handiena: heldu nagusiek %35, eta adinekoek %43,9. Aurreko neurketarekin alderatuta, badira gorabeherak —2017an helduen multzoa ez zen bitan bereizi, eta, beraz, datu bera dute biek 2017an—. Umeen bilakaera aintzat hartzekoa da: hamabi puntuko galera euskararen erabileran, nahiz eta hamarretik zortzi euskaraz entzun dituzten. Heldu nagusien artean ere jaitsiera dago, eta beste hiru adin tarteetan igoera.
Erronka berriak
Atzo kaleratutako datuek arnasguneetan egindako bi neurketen emaitzak alderatzen dituzte. Zestoan, 2004tik egiten dira kale erabileraren neurketak; 2021ekoa bosgarrena da. Nora Palmitano Udaleko Euskara Teknikariari eskatu diogu, datuak esku artean, aurreneko irakurketa azkarra: “Datu guztiak begiratuta, esan dezakegu, apaldu arren, erabilerak gorako joera erakusten dutela. Azken 10 urteko beherako maldak, aldiz, erronka berrien aurrean gaudela ohartarazten gaitu. Eta, erronka berriek, erantzun berriak eskatzen dituzte” azaldu du.
Hemen datuak:
Egin zaitez bazkide