Agurrei Kaixo idatziz

Jakin izan dut agurrak askotan ez direla inoren gustuko, errazagoa dela gero arte batez gurutzatzea azken begirada, ematea azken musua edo azken besarkada. Jakite hutsetik sentitzerako bidea ordea zailagoa dela ohartu naiz, eta ohartu naiz askoz ere errazagoa dela guztiari kaixo esanez ekitea bizi berri bati, eta horrela egiten saiatu naiz ni. Herri txiki batetik hiri erraldoira ekarri naute hainbat agurrek, ospakizunez beterik hasi ziren agurrek, nahiz malkoz zipriztindu ninduten agurrek, baita jaso ez nituen agur haiek ere.

Bizitza ibilaldi bat zela esan zidaten behin, orientazioa beharrezkoa dugun arren, bidea geuk asmatu behar dugula. Ez dakit ibilaldia deitu, egonaldia ala bidaia, baina ziurtatzen dut hau abentura hutsa dela. Orientazioa inoiz ez dut izan nik bidelagun fidela, baina bidea neuk bakarrik bilatzeko asmoak ere ekarri nau hona, bide desberdin ugari ditu hiri handiak eta ni ahalik eta gehien topatzeko desioak betetzen nau, eta esan dezaket kostata baina etxe berrirako bidea asmatu nuela, ez da hasiera txarra.

Lehenengo aldia da etxetik kanpo bizitzen nagoena, mendiek inguratzen duten nire herritxotik kanpo bizi naizena. Ondotxo ezagutzen nautenek badakite gauzarik txikienei buruz erabakiak hartzeko ere buruari mila buelta emateko gai naizela. Bada kasu honetan milagarrenera iritsi nintzenerako erabakia hartua neukan. Jirabira asko eman gabe erabaki nuen mendi haien artetik harago zegoena bizitzeko aukera izan nahi nuela.

Jakin badakit idazteko abilezia berezirik ez dudala inoiz izan, baina horrek ez dit kendu honetarako gogoa. Zazpi urte nituenetik dut gordeta nire gelako mahaitxoan urtebetetze hartan oparitu zidaten egunerokoa, egun bertan hasi nintzen idazten, oparitu zidatena, egin nuena ilusio guztiz kontatuz. Gero eta denbora tarte gehiagorekin baina jarraitzen dut hura idazten, orri haiek nire kezkak, beldurrak, ilusioak, penak entzuteko gaitasuna izango balute bezala. Neure sekretutxoak ustez, baina ziur nago jadanik etxekoren batek irakurriak dituela guztiak.

Bartzelonara iritsi baino lehen pentsatua nuen eguneroko berri bat erosteko garaia iritsi zela, eta halaxe egin nuen. Bertan ez dira agertzen solfeotik atera ondoren lagunekin izan nituen iskanbilak, ezta ere igande arratsalde batez Laranjadin jokatu genuen futbol partida hura. Koadernotxo honen orriek hiri handiak dakarzkidan bizipenak, sentipenak, bitxikeriak, gertakizunak entzuteko eta gordetzeko eginbeharra izango dute. Eta zuk irakurle horietako batzuk irakurtzeko aukera izango duzu, nire sekreturik kuttunenak etxeko kuxkuxeroentzat soilik utziko ditut.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide