Albisteak

Korrikako aurreneko edizio haiek

Korrikaren 22. edizioari agurra emateko altxor txiki hau dakarkizuegu. Igor Odriozolak emandako argazkiak dira. Bertan, zestoarrak Itziarra iristen ikus ditzakegu. Zein urtetakoak diren zehatz ez badakigu ere, 1983koak direla uste dugu, Korrikaren 3. ediziokoak alegia. Manuel Odriozola Udaleko lekukoa eraman omen zuen Herri Batasunako zinegotzi bezala eta argazkiak agertzen ez bada ere, Juan Mari Igarataundik egin omen zion taxista lana.

Historia pixka bat eginez, gogorarazi dezagun, aurreneko Korrika 1980an egin zela. Oñatitik Bilbora. Bigarren edizioa, berriz, 1982ko maiatzean izan zen, “AEK, euskararen alternatiba herritarra. Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde” lemapean. Hirugarren Korrika, ez dakigu zergatik, ez zen bi urtera egin, hurrengo urtean baizik, 1983ko abenduan. Eta oso posible da argazki hauek urte horretakoak izatea, argazkien jabeak errezelo hori duelako batetik, eta korrikalari bat lepoan bufanda duela agertzen delako bestetik.

Korrikaren 3. edizioa 1983ko abenduaren 3an hasi zen Baionan, eta, 1.960 km egin ostean, Bilbon amaitu zen, abenduaren 11n, “Euskaraz eta kitto” lelopean. Omendua Gabriel Aresti euskal idazle eta poeta izan zen. Edizio hartan, Egan taldearen erritmo pean joan ziren lasterka.

Bigarren edizioa erlojuarekin borrokan bukatu zuten, 4 orduko atzerapenez iritsi baitziren, izango zen orduan ere zalaparta. Hirugarren edizio honetarako, Korrikak konponbide zehatza eman nahi izan zion arazoari denbora oso zehatz neurtuz. Orduan konturatu ziren jende kopuruak ere eragin egiten zuela lasterketan eta kalkuluak hankaz gora bota.

Aurtengoan ziztu bizian pasa da gurean. Arroabetik Zestoara behintzat hegan, neu testigu! eta gero zer da eta Bonbas Azcueko eta Txikierdiko biribilguneei bi itzuli, Zumaiara iristeko goizetxo zela eta! Ondo zehatz egiten ikasi dute bai!

Kontuak kontu, ederra edizio hau ere. Ordu xelebrea izanagatik herrigunean nolako jendetza!

Ea euskararen erabileran eragin eta indartzeko beste bi urterako griña ematen digun!

Jone Bergara

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide