Albisteak

[JARDUNIAN] Oksana Ilchenko: “Inork ez zuen espero benetko gerra etorriko zenik”

Oksana Ilchenko (1994, Ivankiv, Ukraina) zortzi urterekin etorri zen lehenengo aldiz Zestoara uda pasatzera. Txernobilgo haurretako bat gehiago zen, herrira etortzen ziren haurretako bat gehiago. Oksana, Ivankiv herrian jaio eta bizi izan zen. Ivankiv Txernobilgo zentral nuklearretik 52 kilometrora dago, 1986ko istripuaren eraginez ondorio larrienak jasan zituen zonaldetik 20 kilometrora, hain zuzen.
Azken sei urteotan Oksana Zestoan bizi da bere hemengo familiarekin. Pasa den otsailaren 24tik inoiz baino gehiago du burua sorterrian, bere herrialdean bizitzen ari diren Errusiaren inbasioak ekarri duen gerra gordina dela-eta. Gerraz eta bizitzaz aritu da Danbolinekin.
(Elkarrizketa martxoaren 4an egin zen)

 

Zer moduz zaude?

Orain lasaiago nago, bost egun baino gehiago pasa ditut lagunen eta senideen berririk izan gabe, baina lortu dut beraiekin hitz egitea eta lasaiago nago.

Noiz etorri zinen lehenengo aldiz Zestoara?

Zortzi urte nituela etorri nintzen lehenengo aldiz Inma Zulaikaren etxera, eta handik aurrera 17 urte bete nituen arte, uda guztiak Zestoan pasa izan ditut. 18 urte bete nituen udan ez nintzen etorri, azterketa bat egin behar nuelako, baina hori pasa ostean beste lau udatan etorri nintzen. 22 urte bete nituen udan, hemengo familiarekin hitz egin nuen eta hemen geratzea erabaki genuen. Ordutik hemen bizi naiz, oso gustura.

Eta Zestoan bizi zaretenetik, zertan aritu zara? Ikasten aritu zara edo lanean?

Biak egin ditut! Zestoara bizitzera etorri nintzenetik hilabete bat bakarrik egon naiz lanik egin gabe!

DBH atera dut eta gazteleraz egin ditut ikasketak gazteleraz ikasteko. Euskaraz oso ondo hitz egiten nuen, baina gazteleraz ez nekien ia ezer, eta hori hobetze aldera ikasketak gazteleraz egitea erabaki nuen.

Ondoren ile-apaintzaile izateko ikasketak egin ditut Zarautzen; asko gustatzen zait. Estetika ikasten hastera nindoala lana aurkitu nuen Zumaiako ile-apaindegi batean eta gaur egun horretan ari naiz. Lau hilabete daramatzat lanean eta oso gustura nago egun osoko kontratua daukat; nire gustuko lana egiten eta etxetik gertu.

Gidabaimena ere atera dut, eta pozik! Horretaz gain, etxe garbitzen ere aritzen naiz, ikasten ari nintzela ere horretan jarduten nuen. Ez daukat aspertzeko denborarik!

Ukrainan familiarik ba al duzu?

Bai, izeba bat daukat, nire amaren ahizpa. Ivankivetik oso gertu bizi da, ondoko herrian. Nire ama hil zenean, nik 14 urte nituen, bera egin zen nire arduradun. Ahal dudan guztietan dirua bidaltzen saiatzen naiz laguntzeko. Berak hanketan arazo bat duenez ezgaitasuna dauka. Orain oso egoera gordina bizitzen ari da, errusiarren erasoak hasi zirenetik “bunkerrean” sartuta dago eta han hezetasun handia dago, ez dago kalefakziorik, argirik…

Bunkerrak deitzen diegun arren, berez, ez dira bunkerrak, soto moduko batzuk dira. Ivankiven eta inguruetan gehienak etxeak dira, ez pisuen eraikinak, eta bakoitzak bere lur zatitxoa du baratza egiteko. Han ateratzen dituzten produktuak gordetzeko sototxoa da, eta bertan udan hotz handia egiten du; imajinatu orain negu bete-betean.

Nire aita, berriz, 10 urte nituela hil zen. Zestoan nengoen uda pasatzen bera hil zenean.

Izugarrizko zortea izan zenuen Zestoako familia zure bizitzan agertzean, ezta?

Bai, nik beti esan izan dut nire bigarren familia dela. Zoritxarrez hemen geratzea erabaki nuenean eta hemen bizi berriaz disfrutatzen hasi behar nuenean Inma gaixotu egin zen. Ezin nuen sinistu berriro horrelako zerbait bizi behar nuela… Baina denborarekin aurrera egiten duzu eta horrekin bizitzen ikasten duzu.

Ukraina Euskal Herritik gertu dago, baina kulturalki-eta oso ezberdinak dira. Zertan antzematen duzu zuk alderik handiena?

Ukrainan orokorrean askoz gaiztoagoak edo gaude, egoistagoak gara. Han norbait erortzen da eta inor ez da gerturatzen laguntzera. Hala ere, badirudi gauzak apur bat aldatzen hasiak direla, jendea bidaiatzen hasi da, beste kultura batzuk ikusten eta badirudi gauzak aldatzen ari direla. Bestalde, han alkohola oso barneratua dago, eta jendeak arazo asko ditu; vodka asko edaten da. Hemen ere edaten da, baina ez da berdina.

Noiz joan zara azkenekoz Ukrainara?

Bost urte joan gabe egon ostean, pasa den udan egon nintzen. Behar nuen joatea, baina bertara iritsi eta berehala itzuli egin nahi nuen.

18 egunerako joan eta bederatzigarren egunean bueltan nintzen. Ni hemen oso gustura bizi naiz eta hau faltan botatzen nuen. Nire lagun gehienekin egoteko aukera izan nuen, behintzat, alde horretatik gustura nago.

Ama hil zenean, nire familiakoa zen etxetxoa saldu egin nuen, eta pisu bat hartu nuen. Udan bertan egon naiz, nire etxean, baina oraintxe ez dakit zutik ere ba ote dagoen.

2014tik giroa nahiko gaiztotuta zen Donbass eskualdean… Sumatzen al zen gerraren zurrumurrurik?

Bai zera! Ez zen ezer sumatzen. Coronavirusa ere ez zen existitzen, inork ez zuen musukorik erabiltzen, nik bakarrik janzten nuen eta lagunak lotsatu egiten ziren nirekin.

Gerra ere ez zen ezertarako sumatzen. Duela 8 urte gatazka piztu zen Donbass eskualdean, Donestk inguruan. Lehenengo urtea gogorra izan zen, nire herriko mutil gazte denak joan ziren frontera, 18 urteko mutil gazte bat ere hil zen. Gure herrian denok kalera atera ginen, baina gero urte beteko soldaduska moduko bat bilakatu da bertara joatea. Joaten dira urte bat egiten dute han eta buelta.

Zortzi urte pasa dira hori hasi zenetik eta azkenean ohitu egiten zara: telebistan ez dute ezer esaten, ez da ofiziala han gerra dagoela, gure herrian normaltasun osoa dago, Kiev hiriburuan ere bai.

Egia da hemen azken hiru asteetan hasiak zirela hango egoera aipatzen gerra hasiko ote zen, eta nik hango lagunei galdetzen nien ea dena normal al zegoen. Beraiek esaten zidaten baietz, zortzi urte zirela gatazkak hasi zirela eta ez zela ezer sumatzen.

Gure presidenteak ere esaten zuen egoera kontrolpean zutela. Inork ez zuen espero benetako gerra etorriko zenik!

Nola jakin zenuen gerra piztu zela Ukrainan?

Nire izebak goizeko 7:00etan idatzi zidan: “Oksana gerra hasi da, 4:20 aldean Txernobil aldetik bonbak entzuten hasi gara. Zu lasai egon hemen momentuz ez dago ezer, ondo gaude”. Mezua ikustean deika hasi nintzen, baina ez nuen lortzen, ez dago interneteko kobertura oso ona izebaren herrian. Gero, lagunekin hitz egin nuen eta dendak eta isten hasi zirela esan zidaten, momentuz beraiek ondo zeudela.

Otsailaren 25ean dagoeneko ezin nuen inorekin hitz egin, jendea hasi zen bunkerretan ezkutatzen. Egun batzuetan ez dago internet, beste batzuetan ez dago telefonoa. Gure herrian dagoeneko dendarik eta botikarik ez da gelditzen, ogia bukatu egiten da jendea joaterako, legamia ez dago, etxe batzuetan ez dago urik, janaria ere gutxitzen ari da.

Ivankiv oso gaizki dago, ez nuen espero horrelakorik. Tanke eta kotxe guztiak handik pasatzen dira, Bielorrusiatik datozen denak.

Nola ari zara jarraitzen gerra hemendik?

WhatsApp-eko talde batean nago, jende pila bat gaude bertan eta gure herrian ari dena pasatzen zuzenean bizitzen ari naiz. Bakoitzak idazten du bere etxetik ikusten duena, errusiarrak non dauden, adibidez. Errusiarrak etxe batzuetara jatekoa eta edatekoa eskatzera joan dira, beraiek ere gosea dute, eta ez dute ezer. Jendea etxeetan ezkutatuta dago, ez dute ezta leihotik ere begiratzen. Egun batzuk gogorragoak izan dira, gau eta egun erasoak, baina beste batzuetan esaten didatenez lasaiago, lo egin dezaketela.

Zure herritik jendeak lortu du alde egitea?

Gehienak ezin izan dute alde egin. Gerra inguru horretan piztu zen eta ezin izan dute alde egin. Nire lagun batek lortu zuen Kievera (45 minutu kotxez) joatea bere amak han egiten baitu lan, eta hango bunker batean sartu zen; baina orokorrean gehienak bertan geratu behar izan zuten.

Zure herrian arlo ekonomiko nola dago?

Lana bazegoen, nik beti egin izan dut lana: tabernan, ile-apaindegian, dendan… Baina gazte gehienak Kiev-era joaten dira lan eta bizitza hobearen bila. Lan berdina egin arren soldata altuagoak dira Kiev-en.

Turismoa ezer gutxi dago gure herrian; dena Txernobilen dago. Eta bertara joateko gure herritik pasa beharra dago, baina guk ez dugu hango dirurik ikusten. Txernobil inguruko herriak ere berriro biziberritzen hasiak ziren, lehen bertan bizitako jendea itzultzen hasia da, okindegia dago, dendak daude eta, azkenean, zentralean jende askok egiten du lan bertako mantenu lanak egiten. Ez ukrainarrak bakarrik, poloniarrak…

Gu asko kexatu izan gara, ezberdintasun handiak daudelako Txernobilgo langileen artean: bertakoek hryvnia ukrainarra kobratzen dute eta kanpoko langileek, berriz, eurotan. Ez da justua.

Ukrainan 14 zentral nuklear daude. Bada beldur orokortu bat gerrak horiei ere eragiten badie…

Bai horrek Ukrainari ekonomikoki abantailak eman dizkio urte hauetan guztietan, baina egia da orain arrisku oso handia dagoela.

Gerrara etorri diren errusiarrak orokorrean oso gazteak dira. Gerraren hirugarren egunean dagoeneko jatekorik gabe zeuden, eta badakit errusiar asko atera egin direla ezin zutelako gehiago eta ukrainarrek harrapatu dituztela. Gazte horiek ez zekiten gerrara zihoazela, askok behintzat ez. Beraiei esan zieten Ukrainian sartu behar zirela Kiev aldera, baina ez gerrara zihoazela, gezurra esanda joan dira asko.

Zuk sumatzen al duzu jendearen artean desberdin hartzen dituztela gerrako errefuxiatuak? Adibidez, Afrikatik datozenak edo Ukrainatik datozenak.

Bai, nik uste dut baietz. Zuriak gara eta nik uste dut horrek eragiten duela. Jendeak berdinagoak ikusten gaitu eta baliteke horregatik izatea. Hemen nik uste dut orokorrean jendea nahiko arrazista dela.

Eta kulturalki nola dago Ukraina? Zein hizkuntzatan hitz egiten duzue?

Ukrainan errusiera erabat hitz egiten da, guk ere ukrainarra eta errusiera nahastuta egiten dugu. Ukrainarrez oso jende gutxik hitz egiten du. Egia da, azken aldian, gure presidentea Ukrainako kultura sustatu nahian dabilela, bertako jantzi tipikoak ikusten hasiak dira, abestiak ukrainarrez argitaratzen hasi dira musikariak, baina hala ere, orokorrean erabiltzen den hizkuntza errusiera da.

Ukrainar guztiek dakigu errusiera hitz egiten. Bestalde, Ukrainan oso gazte ezkontzen da eta oso gazte izaten dituzte haurrak. Nik 28 urte ditut eta haurrik ez izatea oraindik han ezin dute ulertu. Hemen, ordea, ez da batere arraroa! Justu alderantziz izaten da hemen.

Zuk zer sinatuko zenuke oraintxe? Nola bukatzeko gatazka?

Nik guztia oraintxe bukatzeko, dagoen bezala. Gauzak lehen zeuden bezala. Beraiek berean eta gu gurean. Denok bakean. Oso desberdina izango da gure bizitza hemendik aurrera, orain urte asko beharko ditugu gure Ukraina berreraikitzeko, dena txikituta baitago. Denok laguntza asko beharko dugu, jendeak non bizi behar du? Nire etxea ere ez dakit nola egongo den, esan didate aldameneko eraikinak dagoeneko ez daudela, beraz ziurrenik nire etxea ere ez da egongo zutik.

Etorkizunean ze asmo dituzu? Sorterrira itzuliko zara?

Orain Ukrainan gerra dago, eta ez dakit noiz izango den posible berriro bertan bizitza normala egitea, baina gerra piztu ez bazen ere, nik momentuz hemen bizitzeko asmoa daukat. Ukrainara joango naiz, baina oporretara. Hemen oso gustura bizi naiz. Oso herrialde ezberdinak dira.

Dagoeneko hemen familia daukat, lagunak, lana… Nire hango lagunek ere beti esaten didate ez itzultzeko bertara, aprobetxatzeko bizitzak eman didan aukera.

 

Naiara Exposito Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide