Albisteak

Hemen da Antzerki Astearen hamargarren edizioa

Gaur arratsaldean hasiko da Zestoako Antzerki Astearen hamargarren edizioa eta goizean egin dute aurkezpen ofiziala. Caravan Parkeko pabiloian izan da ekitaldia, bertan bildu dira Eromen Produkzioakeko hainbat kide eta Nerea Odriozola kultur zinegotzia. Gaurtik hasi eta uztailaren 3ra bitartean zortzi antzezlan eta hitzaldi bat izango dira gozagai.

Amancay Gaztañaga Eromen Produkzioakeko zuzendaria oso gustura agertu da hamargarren urteurrena dela eta. “Guretzat sekulakoa da hamargarren urteurrena ospatzea. Zestoa bezalako herri txiki batean horrelako ekimen bat hainbeste urtez egitea eta hain sustraituta dagoela ikusteak berebiziko poza ematen digu”. Aurten Udalbiltzako Guretik Sortuak ekimenarekin bat egin du antzerki asteak, eta ekimen horren baitako Sexberdinak eta Eresia obrak izango dira ikusgai datozen egunetan.

Nerea Odriozola kultur zinegotziak Eromeneko kideei aitortza egin die ikasturte guztian zehar eta antzerki astean egiten duten lanagatik. Bestalde, Guretik sortuak egitasmoko antzerki obrak Zestoara ekarri izana antzerki taldeari zor dietela esan du, “aurten zailtasun handian izango genituzke udal bezala obra horiek txukun programatu ahal izateko eta Zestoako Udalaren partetik eskerrak eman nahi dizkizuegu egindako lanagatik”.

Eromen Produkzioakeko kideek Hayko izeneko antzezlana estreinatuko dute gaur. Kolektiboki sortu duten lan bat dela azaldu du Gaztañagak. Zerbait “esklusiboa” izango dela azpimarratu du, “25 lagun soilik egongo dira publikoan. Esperientzia bat da publikoarentzat eta guretzat ere bai”.  Obrak sortzaileek administrazioarekin izan behar izaten dituzten elkarrizketen inguruan hitz egiten du.

Maria Blanco Eromeneko kideak hamar urte daramatza taldean eta urte guzti hauetan “eboluzio handia” izan dutela azpimarratu du. Lan talde “oso polita” direla adierazi du eta Amancay bezelako profesional baten gidaritzapean egotea eskertu du, “profesional on baten eskupean bazaude, horrelako gauzak sortzeko aukera daukagu, Amancay egongo ez balitz, Hayko bezalako obra bat egiteko gai ez ginateke izango”. Ibon Aristik azaldu du “gozamenetik” sortuta zerbait dela lana eta publikoak “irekita” egon behar duela, “pertsonaia bakoitza mundu bat da, publikoa irekita badago gozatu egingo du, baita guk ere”. Manolo Gaztañagak eta Anjel Eresiak esan dute publikoa oso gertu izango dutela obra egiterako orduak eta hori esperientzia berri bat izango dela. Publikoa zur eta lur irtengo dela gaineratu dute.

Harri minak bertan behera

Osasun arazo bat tarteko, ekainaren 26an egitekoak ziren Harri minak antzezlana bertan behera gelditu dela azaldu du Gaztañagak. Obrarako sarrera erosita zutenek itzultzeko aukera izango dute. Horretarako turismo bulegora joan beharko dute eta han dirua itzuliko zaie edo hala nahi izanez gero, beste obra bat ikusteko sarrera bat hartu. Obra batzuetako sarrerak agortuta daude baina oraindik beste batzuetarako sarrera gutxi batzuk gelditzen direla ohartarazi du zuzendariak.

Bestalde, Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? hizketaldia urtero egin nahiko luketela azaldu du Gaztañaga. “Martin Martina pertsonaiari omenaldi bat egin nahi genion, berari esker badaudelako pertsona ezberdinak, izaera ezberdinak, eta horrek herri bati irekiera ematen dio. Urtero nahiko genuke beste garai batean zerbait artistikora dedikatu den herritarren bat bere bizipenak kontatzeko”.

Hona hemen egitaraua:

  • Ekainak 24 eta 25: Hayko – Eromen Produkzioak. Hiru funtzio eskainiko dituzte 20:30ean, 21:45ean eta 23:00etan, Caravan Park-en. (sarrerak agortuta)
  • Ekainak 27: Bidaide. 20:30ean, Caravan Park-en. (Sarerrak erosi)
  • Ekainak 28: LGHBT+ egunaren bueltan, Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? hizketaldia. 20:30ean, Caravan Park-en. (Izena eman)
  • Ekainak 29: Hiru Kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. 20:30ean, Caravan Park-en. (sarrerak agortuta)
  • Ekainak 30: Lur. 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian. (Sarrerak erosi)
  • Uztailak 1: Inork espero ez duenaZestoako antzerki eskolako haur eta gaztetxoen eskutik. 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian. (Sarrerak Turismo bulegoan)
  • Uztailak 2: Eresia. 20:30ean, Caravan Park-en. (Sarrerak erosi)
  • Uztailak 3: Sexberdinak. 20:30ean, Caravan Park-en. (sarrerak agortuta)



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide