Albisteak

Euskal Selekzioaren aldeko afaria eta LEOK´K taldearen kontzertua gaur

argazkia: mendimartxa.eus

Gaur arratsaldean Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa iritsiko da Zestoara. Hori dela eta, martxan datozenekin batera afaltzeko aukera izango da udaletxe azpian. Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak 2000. urtean ekin zion ESAITen babespean bere ibilbideari. Ordutik, azken bi urte hauetako salbuespenarekin, urtero egin da martxa,  jada 19 edizio burutu dira. ESAIT desagertu zela 7 urte betetzen dira aurten, baina “Gu ere bai” ekimenak jarraitzen du martxa antolatzen. Euskal Selekzioen Aldeko Mendi Martxaren helburu nagusia “kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea” da.

LEOK´K taldearen kontzertua

Afalondoren ere izango da zertan gozatua herrian. LEOK´K taldearen kontzertua izango baita Laranjadi plazan gaueko 22:30ean. “Bizirik hala ere” taldearen bosgarren diskoaren aurkezpen-kontzertua izango da berau. Taldeak aldaketak izan ditu kide aldetik azken urteotan, gaur egun Jesus Aranberrik (hammond eta piano elektrikoa), David Gorospek (bateria eta perkusioa), Luis Llavorik (gitarrista eta abeslaria), Alfonso Guillók (baxua eta ahotsa), Juan Antonio Kortadik (gitarra) eta Gotzon Lizasok (sintetizadoreak, pianoa eta ahotsa) osatzen dute LEOK´K musika taldea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide