Albisteak
Txistularien alardeak plaza hartuko du igande arratsaldean
— 2022-08-29Datorren igandean, irailak 4, Zestoako Txistularien Alardea ospatuko da. Idiakaitz Txistulari Taldeak ikuskizun bikaina antolatu du aurtengoan ere. Jagoba Astiazaran bakarlari gisa arituko da, Eider Iraola eta Aizpea Aristi kantuan eta Eider Mendizabal aretoko dantzan. Zestoako batukada taldeak eta Itxaropena dantza taldeak ere hartuko dute parte saioan. Herritik kanpoko gonbidatuak ere izango dira bertan; esaterako, Zumaiako San Pedro abesbatza eta EƱaut Elorrieta eta Roberto Moso abeslari ezagunak.
1960ko hamarkadan bildu ziren lehen aldiz txistulariak herriko plazan, Joan Jose Goikoetxearen gidaritzapean. Zestoako Txistularien Alardea gisa ezagutzen den emanaldia, ordea, 1996an egin zen lehen aldiz, Garikoitz Mendizabal musikariari esker. 2004tik aurrera, Idiakaitz txistulari taldeak hartu zuen ikuskizuna antolatzeko ardura, eta ordutik, hiru urtetik behin ospatzen da, amabirjin jaien bueltan.
Egun, Garikoitz Mendizabal da ikuskizunaren zuzendari artistikoa eta koordinatzailea eta bere arabera, alardean “tradizioa eta modernitatea” uztartzen dira. “Idiakaitz txistulari taldeak antolatzen du ikuskizuna eta lan handia dago horren atzean. Hori balioan jartzea oso garrantzitsua da” azaldu du Mendizabalek. Horrez gain, eskualde mailako ikuskizun bat dela gaineratu du, “herriko mugak gainditzen dituen ikuskizuna da, denontzako emanaldi bat”.
Egin zaitez bazkide