Albisteak

Festetan “jai giro sanoa” izan dela azpimarratu du alkateak

Igande iluntzean amaitu ziren aurtengo amabirjinak, eta Mikel Arregi alkateak jaien inguruko balorazio “baikorra” egin du. Herriguneko zein auzoetako festak -Arroabekoak, Arroagoikoak, San Lorentekoak eta Aizarnakoak- “arrakasta handikoak” izan direla esan du, eta “jai giro sanoa” izan dela nabarmendu du. Horrez gain, herritarren parte hartzea “handia” izan dela azpimarratuĀ  du.

Arregik esan du beste herri batzuetan izan diren gertakari tamalgarrien berririk ez dugula izan gurean: “Festa egunetan tratu ona eta poza izan dira nagusi. Halere, eragile ezberdinekin izandako elkarlanari esker, antzeko kasuren bat gertatu ezkero era koordinatuan neurriak hartzeko prestatuta egon gara” azaldu du. Alkatearen arabera, aurtengo jai nagusietan ondare publikoak ez du kalterik jasan, baina hala ere, jaietan sortzen den zabor pilaketak “zer pentsatua” eman beharko ligukeela gaineratu du.

Antolatu diren ekitaldiei dagokienez, “oso jendetsuak” izan direla azpimarratu du: “Anttonen herritarraren aldeko herri bazkarian inoiz baino jende gehiago izan da, denok dakigun arrazoiengatik txistularien alardea ezin izan da plazan egin baina hala ere aurtengoa ekitaldi arrakastatsua izan da, zezenketak, herri bazkariak, musika ekitaldiak, pilota, dantza, bertsoak, artzain txakur txapelketa…”.

Balorazioaren amaieran, eskerrak eman nahi izan dizkie festa hauek posible egin dituzte eragile eta boluntario guztiei, baina bereziki Itxaropena dantza taldeari, “hain gureak ditugun euskal dantzak gure herrian bizirik mantentzeagatik”.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide