Albisteak

[ZUTABEA] Gure bazterrak nahasten

Oraingoan, gonbidapen batekin natorkizue. Azaroaren 5ean herriko plazan egingo den Gure Bazterrak Fest musika jaialdirako gonbidapena hain zuzen. Garrantzitsua dela uste dut herritarrei jaialdi honen zergatia kontatzea. Badira hilabete batzuk Gure Bazterrak Festen atzean gaudenoi Euskal Herriko eszena musikalaren inguruan hausnartzea tokatu zitzaigula. Kasu honetan, atzean gaudenak bi musikazale gara, bata artista eta produkzioaren mundutik datorrena, eta bestea, ikuslea eta saltsarik saltsa dabilena (ni). Biok ikusten genuen zerbait egin nahi genuela, egungo egoerari buelta batzuk emanda, gure ale txikia jarri nahi genuen jarraian kontatuko dizuedanaren inguruan.

Zestoa musikalki oso aberatsa da; gainera, esango nuke urtean zehar kontzertu dezente antolatzen direla festetan, Fundizio Festen, gaztetxean… Kritika egiteko asmorik gabe, ausartuko naiz esatera oro har nahiko espazio maskulinoak direla eta gehienetan taldeak osatzen dituztenak gizonak direla. Horrek gure iruditegira erreferente jakin batzuk ekartzen dizkigu, ia beti berdinak direnak, gizonak eszenatokian, espazio publikoan. Gure helburua Zestoako plazara erreferente “berriak” ekartzea izan da, “berriak” baina aspalditik hor daudenak. Erreferente horiek emakumeak dira eta gara. Eszenatokira igoko diren taldeetan gutxienez emakumezko bat egotea aztertu eta lortu dugu, baina ez hori bakarrik, antolakuntzaren zati potoloenaren atzean ere emakumeak gaude festa txiki hau aurrera ateratzen. Helburu nagusia da musika jaialdi batean eszenatokitik hasi eta antolakuntzaraino emakumeei ikusgarritasuna ematea.

Lau taldek osatzen duten kartela dagoeneko argitaratuta dago; beraz, animatu kontzertuak ikustera eta ea denon artean helburua lortzeko gai garen!

Jone Exposito




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide