Albisteak
[ELKARRIZKETA] Grises: “Grises bizi proiektu bat izan da, eta duintasunarekin agurtu nahi dugu”
— 2022-11-0320 urteko ibilbide luze eta oparoa eginda, agertokiak utziko dituzte Grises taldeko kideek datorren urtean. Larunbat honetan emango dute azken birako lehen kontzertua Gure Bazterrak Fest jaialdian. Agurraren inguruan hitz egin dugu Amancay Gaztañagarekin.
Hogei urteren ondoren taldeak ibilbidea amaituko du. Nola hartu zenuten erabakia?
Orain dela hilabete batzuk sortu zen dena. Beste disko bat atera edo ez pentsatzen hasi ginen. Ikusten genuen musika munduan azkar hartu beharreko erabakiak atzeratzen ari ginela. Momentu honetan bakoitza zortzi mila gauzetan dabil, eta denbora pasatzen utziz gero, bagenekien Grises amaituko zela. Azkenean taldearekin amaitzea erabaki genuen. Oso zaila izan zen erabakia hartzea, tristura handia sortzen baitigu. Proiektuari amaiera duin bat eman nahi diogu, eta datozen hilabeteetan Grisesen hileta egingo dugu.
Datorren bira taldearen hileta izango da orduan…
Bai, agur elegante bat izatea nahi dugu. Guretzat Grises bizi proiektu bat izan da, eta duintasunarekin agurtu nahi dugu. Gutxitan erakusten digute gauzak ondo ixten eta guretzat proiektu hau ondo ixtea oso garrantzitsua da.
Zer aurreratu dezakezu birari buruz?
Grisesentzat garrantzitsuak diren tokietan egongo gara. Oraindik ezin dugu informazio askorik eman. Ez dira data asko izango, baina oso kontzertu politak izango dira.
Azken bira prestatzen ari zarete orain, nola ari zarete bizitzen?
Oso arraro. Azken entseguak dira eta horrek dena mugitzen dizu, oso sentibera gaude denok, eta hori nabaritzen da. Errespetu handia diogu sortu dugun honi, beste edozein bizi proiektu bezala maite izan dugu.
Gainera, duela urte asko jotzen ez genituen abestiak joko ditugu azken biran. Disko guztietako abestiak joko ditugu, eta hor gabiltza entseatzen.
Momentu onak eta txarrak biziko zenituzten…
Onak denak izan dira, eta txarrik ez dakit egon al den. Onak: Origami Records disko etxearekin sinatu genuen lehen kontratua, lehenengo festibala, Mexikon egin genuen bira…
Eta txarrak, Antonio eta Raul taldetik joan zirenean. Horiez gain ez nuke esango une txarrik izan dugunik. Taldekideon artean ez da noiz egon gaizki ulerturik, oso ondo ematen gara. Esan bezala momentu txarrak despedidak izan dira, despedidak beti dira tristeak.
Agurra iragarri duzuenetik sekulako babesa ari zarete jasotzen sare sozialetan.
Oso emozionantea da. Bagenekien zenbait pertsonentzat Grises garrantzitsua izan dela beren bizitzan, ze hala esan izan digute, baina orain flipatu egin dugu. Jende asko dago hor atzean, eta askotan, ez zara ohartzen. Maitasun handia jaso dugu. Emozionantea eta gogorra izan da aldi berean. Albistea iragarri genuen astea oso mugitua izan zen denontzat.
Azken birako lehenengo kontzertua Zestoan izango da, Gure Bazterrak Fest jaialdian. Prest al zaudete?
Guretzat ohorea eta luxu bat da bertan izatea. Festibal ederra da, eta aurten gainera, emakumeak oholtzan izatea nahi izan dute, eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Sara Zozaya eta Jone Exposito sekulako lana egiten ari dira. Jendeak ez daki horrelako gauza bat muntatzea zer den eta herriari zer onura ekartzen dion. Nik egiten ari diren lana eskertu nahi diet.
Egin zaitez bazkide