[BIDEOA] Gazte Asanbladak “egoera argitu” eta “udal ordezkariei erantzuteko” prentsa agerraldia egin du

Zestoako Gazte Asanbladako kideek gaztetxearen lekualdatzeko proiektuaren egoera argitu eta azken udal batzarrean Mikel Arregi alkateak eta Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak egindako adierazpenei erantzuteko prentsa agerraldia egin dute gaur arratsaldean.

Asanbladako kideek azaldu dute Udal Gobernuak Gaztetxea lekualdatzeko proposamena egin ziela legealdi hasieran. “Zentroaren ideia mahai gainean jarri zitzaigunetik, asanbladak gure egin dugu Gaztetxea herriaren erdigunera lekualdatzeko proiektua, zentroko lokalean jartzeak alde guztien interes eta beharrei erantzuten dielakoan”.

Duela urte eta erdi eman zuten proiektuaren berri, eta denbora horretan alkatearekin harreman “etengabea eta zuzena” izan dutela azpimarratu dute.  Hartu eman horretan “traba burokratiko pila batekin” egin dutela topo mahaigaineratu dute, eta prozesua “gehiegi luzatzen” ari dela salatu dute: “Legealdia amaitzear da eta, beraz, inoiz baino urgenteagoa da gaztetxearen auziari aterabide bat ematea. Zestoak gaztetxea behar du eta hau bermatuta izan behar du legealdia amaitu aurretik”.

Joan den asteko ezohiko udalbatzarrean alkateak egindako adierazpenek “harrituta” utzi ditu asanbladako kideak: “Gaztetxearen lekualdatzea oposizioaren onespenik gabe ez zuela gauzatuko esan zuen zuen. Adierazpen hauek oso larriak iruditzen zaizkigu, nagusiki, bi arrazoirengatik: batetik, asanbladarekin harremanetan egon den denbora honetan guztian ez zaigulako inongo momentutan halakorik adierazi eta, bestetik, erabaki horrek Udalak proiektuarekiko duen borondate eza erakusten duelako. Guztiz salatu nahi dugu Udala izaten ari den jarrera eta momentu oro jartzen ari zaizkigun traba burokratiko amaigabeak”.

Bestalde, kontzertuen inguruan agertutako kezkei erantzunez, asanbladako kideek esan dute beren asmoa, lokala lortu bezain pronto aretoaren egokipenak egiten hastea dela, “kontzertuak egiteko barne zein kanpo baldintza hobeak lortu eta inguruko bizilagunekin errespetuz jokatzeko”. Helburua lortzeko “borrokan” jarraituko dutela esanez amaitu dute agerraldia.

Ikusi agerraldia osorik: