Paperekoa

Ez hain erretiratuak

Urte batzuen buruan ohikoa bihurtu da aitita eta amamak parkean ikustea, eskola atarian edo ume-kotxeekin paseoan. Guraso biak lan mundura sartu izanak bultzatu du egoera hau, azkar esanda arrazoi hori azpimarratuko genuke denok. Egia da baina, etxe bakoitzeko egoerak oso desberdinak direla. Horregatik, aitita-amama “zaintzaile” izateko modu andana dago. Kontratatua, boluntarioa, larrialditarakoa, zubi lanak egiten dituena, guardiakoa, lanaldi osokoa, erdikoa edo herenekoa eta beste erremediorik ez dagoelako lan egiten duena edo haurrak zaintzeko desiratzen egoten dena.

Ez da beti erraza, ez gurasoentzat haurrak delegatzea, ez erretiroaren bueltan dagoena lan berri honetan hastea, heziketarako iritzi desberdinak, adinaren ajeak… Danbolinek ofizio honetan dabiltzanen iritzia jakin nahi izan du: Zer sentitzen dute biloben kargu egiten direnean?

Amapola Hernandez

Ibai De las Morenas Linazasoro

Guretzat ume hau bedeinkazio bat izan da, hitzez esan ezin den poza; bere zaintza ere oso gustura hartzen dugun lana da, senarra eta biok egiten gara kargu etxean baina kalera nik ateratzen dut. Umea gure etxean jolasten ikustea zoragarria da, tontotuta egoten gara berari begira. Gainera, ziklo baten itxiera marraztuko balitz bezala da semeak bere familia osatu duela ikustea.

Ibai parkera eramateak gaztetu egin nau, errealizatuta sentitzen naiz: biloba zaintzean semeari eta errainari laguntzen ari naizela jakiteak ere poza ematen du.

Nik astean hiru arratsaldetan zaintzen dut Ibai, eta egun horietan nekatu ere zertxobait egiten gara bai, baina ez gehiegi, adibidez besotan dagoeneko gutxi hartzen dut, adina igarri egiten da. Ezingo nuke lan hau egun guztian egin, baina umea oraindik txikia da eta oraingoz ondo moldatzen naiz, esan bezala plazeretik egiten den lana da.

Rosa Irazabal

Laia eta Kepa Aranburu Martija

Polita da lana, gustura ibiltzen naiz, gaztetuta sentitzen naiz. Haurrek maitasuna ematen dizute eta ikusi gabe pare bat egun egoten banaiz, umeen falta sumatzen dut. Bilobak eta denda senarra eta bion artean uztartzen ditugu, nik haurren ardura hartzen dut gehiago.

Askatasunarekin bizi dut haurren zaintza, egun batean ezin badut haurren kargu egin semearekin eta errainarekin hitz egin eta moldatzen dira ni gabe, horregatik esaten dut nahi dudalako egiten dudan lan bat dela.

Bilobekin gehiago gozatzen ari naiz neure semeekin lehen gozatu nuena baino, semeekin ez nuen orain bizitzen ari naizen prozesua bizi, hauekin sentitzen dudana ez nuen sentitu. Ama izan nintzenean lanean nengoen, mila gauza nituen buruan, denborarik ez, urduri zaude eta ezin duzu denera iritsi. Egoera horretan ez duzu seme-alaben prozesuaz gozatzen. Eta horrek pena ematen dit, pentsatzen dudalako semea eta erraina ere konturatuko direla horretaz noizbait, ni konturatu naizen bezala.

Francisco Pombo eta Maria Luisa Aramendi

Mirari eta Sarai Aldalur Pombo

Bilobak zaintzea gure alabari laguntzeko modu bat da. Gaur egun bizimodua ez da erraza, bikoteko bi kideek egin behar dute lan eta lanpostuari eustea garrantzitsua da, baina testuinguru horretan familia eta lana uztartzea konplexua da. Hor sartzen gara aitona-amonak. Gure seme-alabak hazi eta hezi ditugu eta orain bilobak zaintzea tokatzen zaigu, euren bigarren aita eta ama bihurtzea. Lana da, karga da, ordutegien menpe egon behar duzu berriro eta hori jada ahaztua izan behar genuen, gorabeherak bizi dituzu, une alaiak eta tristeak… baina era berean egiten dugun lanak bere ordaina dauka, ematen dugunarekin jaso ere egiten dugu eta maitasun eta eskertza moduan dator jasotzen duguna”.

Juan Mari Canseco eta Inma Alkorta

Maddi, Haizea eta Irati Plazaola Canseco

“Tarteka pozen bat ematen dizute baina egia esaten hasita, lana ere bada. Eta pixka bat eskertzen da baina ez da gehiegi aitortzen egiten den lan guztia. Ez da berdin, tarteka bilobak hartzea edo urtea joan, urtea etorri, egunero-eguneroko lotura. Edo ume bakarra izan edo hiru, gure kasuan bezala; goizean eskolara eramaten lagundu, eguerdian bazkaria eman, berriro eskolara eraman eta arratsaldean berriro jaso eta gurasoak etorri arte parkean ibili. Erretiratuta dagoenarentzat lotura da, libre egon behar zuenean eta ez dagoenarentzat bereaz gain lan karga gehigarri bat. Urtetik urtera egoera aldatzen doa eta garaian garaiko aukeren arabera moldatzen saiatzen gara; haur-eskola, jangela… Baina gaur egungo egoerarekin, hipoteka ordaintzeko aitak eta amak lan egin behar dute eta haurrak zaintzeko norbait hartuz gero bietako baten soldata joaten da horretan ia.”

Pilar Gurrutxaga

Aiert Uria Urbieta eta Malen Arrue Uria

Goizean 7:30erako joaten naiz alabaren etxera, Malen (2 urte) bilobarekin gelditzera. Orduan joan ohi dira ama eta aita lanera. Gosaria eman, jantzi eta ikastolara eramaten dut. Eguerdian jaso eta elkarrekin bazkaltzen dugu. Aizarnara joan ohi gara, bertan dugu baserria eta bertan pasatzen dugu arratsaldea. Siestatik esnatzen denean pixka bat jolasten dugu, meriendatu eta baratzean jolasten ibiltzen gara ama etorri arte.

Orain, Malen bakarrik zaintzen dut, nire alaba Lorearen alaba. Baina lehen semearen parteko bilobak ere zaintzen nituen. Haietako bat, Aiert (9 urte) alabaren etxera etortzen da eskolako ordua iritsi arte, bere etxean bakarrik ez egoteko.

Bilobak zaintzea niretzat gozamen bat da. Poza ematen dute. Nekatu ere egiten da noski, baina beraiek konpentsatzen dizute neke hori.

Juan Joxe Iturzaeta

Haritz, Miren eta Intza Iturzaeta Oiartzabal eta Oihan eta Ander Lizarburu Iturzaeta

Niretzat umeak bizipoza dira. Aurre-jubilatu nintzenerako Aitorrek semea izan zuen Azpeitian eta hara joaten ginen tarteka. Jubilatu nintzenerako berriz Aloñak izan zuen semea eta Zestoan ibili gara gehiago baina Azpeitian ere behar izan gaituztenetan esku bat bota dugu. Goizeko 7:30-8:00ak alderako joaten naiz egunero, gosaldu, jantzi eta prestatzen pixka bat laguntzen diet eta eskolara joaten dira, jada 8 eta 9 urte dituzte, ez dute lan handirik ematen. Eguerdian gurean bazkaltzen dute, emaztea (Maria Angeles Odriozola) eta biok gustura egiten dugu eguerdiko buelta hori. Niretzat umeekin ibiltzea mundiala da, beharrik izan gabe ere arratsaldean buelta bat beti egiten dut parketik eta iluntzean ere askotan etortzen dira gure etxera. Ni gustura. Gure seme-alabek eskertu ere asko egiten dute eta horrek ere laguntzen du.

Jone Bergara

Naiara Exposito

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide