Albisteak

[ELKARRIZKETA] Nerea Mendizabal: “Sormenaren dinamikan sartuta nago eta disfrutatzen ari naiz”

Nerea Mendizabalek Ataska edo aska izeneko aurreneko diskoa aurkeztu zuen Durangoko azokan. Harremanek sortzen dituzten sentimenduak oinarri hartuta sortu ditu abestiak, Agurtzane Auzmendirekin batera.

Musika beti egon da presente zure bizitzan.
Halaxe da bai; musikak beti izan du lekua nire ibilbidean. Joan den urtean, Gatazka, ataska eta aska? helduentzako ikuskizuna sortu nuen Itziar Saenz de Ojer pedagogoarekin batera. Emanaldiak erlazioen inguruan hausnartzen du, begirada umoretsuarekin eta kantuz lagunduta. Harremanetan sortzen eta “ataskatzen” zaizkigun gatazkak ditu oinarri, eta egoera horiek askatzeko proposamenak lantzen ditugu.

Emanaldia sortu ondoren, bertan lantzen genituen gaien inguruko abestiak sortzen hasi ginen Agurtzane Auzmendi laguna eta biok. Elkarrizketa asko izaten genituen harremanek sortzen dituzten sentimenduen inguruan, eta saio horiek oinarri hartuta sortu zituen abestiak Auzmendik. Gero ni abesti horiek moldatzen joan nintzen. Gai horiek abesti bidez transmitituta, jendearen emozioekin gehiago konektatzen dugula uste dugu.

Zer kontatzen duzue abestietan?
Orokorrean, saioetan lantzen ditugun gaiak jorratzen ditugu. Nire zatarrena abestiak, adibidez, gure alderdi trakets eta bortitza azaleratzen dugunean sortzen zaizkigun sentimenduei buruz hitz egiten du. Ai nire txikiak, berriz, gure barneko haur txikia du hizpide… Esan moduan, sentimenduekin zerikusia dute abesti guztiek.

Eta nola sortu zen diskoa grabatzeko aukera?
Udan sortu zitzaigun aukera. Aitor Furundarenak abestiak moldatu zizkigun eta bere estudioan grabatu genuen. Luxu bat izan da bere laguntza izatea.

Luisa Etxeberria izebaren kolaborazioa izan duzue.
Bere bi poesia erabili ditugu lanean. ‘Zure ertz’ eta ‘Behialako’ poemak musikatu ditugu. Garikoitz Mendizabal anaia ere tartean izan dugu.

Diskoa entzun nahi duenak zuen ikuskizunera joan beharko du, ezta?
Bai, momentuz behintzat ez daukagu diskoa kontzertu formatuan aurkezteko asmorik. Gure ikuskizunean abestuko ditugu diskoko abestiak. Batzuetan, gainera, Aitor Furundarenaren parte hartzea izango dugu emanaldietan.

Non eskura daiteke lana?

Diskoa digitalki eta fisikoki eskura daiteke. Fisikoki Potxolo liburu-dendan dago salgai Zestoan. Online, berriz, nire webgunean eskura daiteke. Abestiez gain, ikuskizunean lantzen ditugun gaien inguruko grabazioak eskura daitezke online formatuan.

Liburua, diskoa, ikuskizunak… Zer gelditzen zaizu egiteko?

Beste batek ere berdina galdetu zidan (barrez). Ba ez dakit, sormenaren dinamikan sartuta nago eta disfrutatzen ari naiz.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide