Loiolako Ignazio Aizarnara bidean galduta

 

Loiolako Iñigok Parisen egiten ari zen teologia  ikasketak  utzi eta  Azpeitirako bidea hartu  zuen 1535. urtean.  Bidaia luze hau, zaldi txiki baten  laguntzarekin   egin  zuen eta urte bereko apirilean iritsi zen Azpeitira. 

Azpeitira bidaiatzeko  argudioa, herrian zuen gaizkile fama garbitzea omen zen. Gaztetan   bortizkeriak  egin zituenez  ulertzekoa iritzi hau izatea. Ez dakit lortuko zuen, idatziek diotenez harrokeria handiarekin ibilitakoa baitzen herrian.

Bertsio bat baino gehiago dira   idatzita  gizon honen bizitzaz eta Azpeitira egin zuen  bidai honek ere  izango ditu seguruenik. 

Bertsio batek dioenez  Loiola  Jauregiko   anai Martinek, sarrera ospetsua antolatu omen zion bere itzulerarako: prozesio luze bat,  bertan  elizgizon, zaldun  eta herritar ugari zain zituela herriko sarreran. 

Bertsio hau  gezurtatu egin zen  XIII. gizaldian, eta  gaur egun  ezagutzen duguna   argitaratu zen. Anaiak egin nahi zion etorrera ospetsua ez omen zuen onartu Iñigok, eta gizon xume  edo behartsu baten erara   sartu omen zen Magdalenako Erruki Etxe edo ospitalera.

Azken bertsioa egia bada, badirudi garai bateko  harrokeriak bidean utzita itzuli zela  herrira.

Etorrera honetan lehen aldiz Baionan ezagutu omen zuten eta Donostia eta Irun zeharkatu ondoren, Iturriotzeko ostatuan ondoren. Hau jakin ondoren bere anaia Martinek berehala bidali omen zituen zaindariak etxera ekartzeko, baina ez zituen onartu eta Ignaziok  bakarrik jarraitu  omen zuen Komizolatz aldera. 

Komizolatzetik  zuzenean jaitsi balitz  bertan zuen etxea, baina Etumetara iristean bidea aldatu eta Aizarnara  abiatu  omen zen. Beharbada Santa Engraziko ermitara igo nahiko zuen, etxera sano  eta salbu iritsi zelako Santari eskerrak ematera.  Agian Aizarnako elizara jaitsi nahiko zuen, herri zahar honen eliza  ondo  ezagutuko baitzuen.

Baita ere posible da Alzolaras Jauregira bisita egin nahi izatea, etxe honek hartu-eman zuzenak baitzituen Loiolako Jauregiarekin. Batek daki.

Dena den, idatziak dioenez  galdu egin omen zen Aizarnarako bidean.  Behar bada  Aztui baserria  dagoen  maldatik abiatuko zen eta malda  honetako basoetan  galtzea  ez zen   arraroa  izango. 

Aizarnako baserri batean limosna bezala  janaria eskatu omen zuen; baserri honen izenik ez dute aipatzen, baina   gustura jakingo nuke zein den. Baserri honen izena jakinez gero hobeto zehaztuko genuke egin zuen  bidea. 

Zerbait eskainiko zioten baserri honetan, Aizarnan borondate oneko jendea baita eta  Loiolatarra  zela  jakinez gero  gehiago oraindik. Mokadua egin ondoren  baserri honetako biztanleek erakutsi omen zioten Aizarna eta  Lasaorako bidea.

Ez dakigu ermitara edo Aizarnara iritsi zen, nik baietz esango nuke biak  bisitatu zituela. Jarraian   Kalbariotik  Trukumanerako bide hartu zuela  eta  Elarritza baserri ingurutik  Lasaoko errotara irten zuela.

Goian aipatu bezala, gizon honen bizitzak, bertsio bat baino gehiago ditu,  gaztetan eta Azpeitian bortizkeriak egin zituela  badakigu, nahiz eta gero Santu egin.  Aizarnako bideak zeharkatu zituela ere bai Paristik itzultzean, nahiz eta bide hauek  egiaztatu ezin.  Idatzian irakurritakoak  aztertu ondoren eta bailara ondo ezagutzen dudanez, nik ere egin dut itzulerako  bertsio txiki bat eta egiaztatzea balego  ez nintzake  oker ibiliko.

Nik ez dut inon irakurri, baina entzun izan dut, Lasaoko jauregian arreba bat  zuela  ezkonduta eta honi bisita egitera jaitsi omen zela. Atseden txiki bat hartu ondoren, Urola ibai ertzean  Izarraitz eta Arauntza mendi artean bidaiatuz iritsi omen zen Magdalenako Erruki Etxe edo sendategira. Bidaia osoa berarekin egin zuen zaldia oparian utzi omen zuen etxe honetan. 

Iritsi eta hurrengo egunetik,  etxez-etxe limosna eske ibili omen zen  hiru hilabetez edo, berriz Europarako bidea hartu zuen arte.

Oharra: goian ematen ditudan datu hauen  oinarriak  “La venida de San Ignacio, desde Paris a Azpeitia”,  P. Victoriano  Larrañagak  idatzi zuen  liburutik  jasota daude eta pasarte batek honela dio:  

Quería evitar un espectáculo  anhelaba pasar inadvertido. No debía de conocer bien el camino que acababa de elegir  y  que aún todavía conserva la tradición de su paso. Porque Ignacio se perdió por el monte, en dirección al pueblo de  Aizarna. 

Cuando el hijo de la casa-torre de Loyola llamó a la puerta de un caserío pidiendo comida de limosna, los caritativos habitantes    le indicaron que se había extraviado y por donde debía continuar.

Jon Egiguren

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide