03- ‘Immigrazioak gure nazio-nortasuna mehatxatzen du’

Ustea: ‘Immigrazioak gure nazio-nortasuna mehatxatzen du’

Datuak:

1) Nazio-kulturak eta nazio-identitateak ez dira migrazio-haize batek suntsitzeko bezain hauskorrak.
Etorkinak gutxiengoa dira gure herrian, %10-15 gutxi gorabehera. Kopuruagatik bakarrik, zein da komunitaterik indartsuena eta zein ahulena? Zeinek ezagutzen ditu gizarte honen joko-arau guztiak eta zeinek ikasi behar izaten du? Ikuspegi ekonomiko, sozial eta politikotik begiratuta, talde menderatu bat da immigranteena, ez menderatzailea. Beraiek gurera ‘egokitu’ behar izaten dute, tokia bilatu gure gizartean.

Gerrak eta genozidioak dira nazio-kulturak eta nazio-identitateak suntsitzen dituztenak, eta historiak baditu adibide asko.

2) Migrazio-prozesuak dakarren eraldaketa kultural handiena migratzaileek eta haien familiek bizi dutena da. Akulturazioa du izena.

‘Hemen hangoa eta han hemengoa’ esaten dute etorkin askok sentimendu, bizipen hori adierazteko. Batzuentzat sentimendu estugarria ere bada: ‘hemen usurpatzailea eta nire herrian traidorea’.

Horixe da ‘akulturazioa’ nork bere erroak galdu, sustrai berriak garatu gabe.

Harrera gizarteak erabakiko du, neurri handi batean, immigranteek jatorrizko erroak arbuiatu behar dituzten edo sustraiak mantenduz, eta harrera gizartearena bereganatuz, nortasun plurala eraiki ahalko duten.

Hausnarketarako:

3) Kulturak dinamikoak dira, etengabe aldatuz doaz.
Mundu global eta hiper informatu honetan gero eta gehiago dira ia konturatu gabe gureganatzen ditugun kultura elementuak: ohiturak, jakiak, hitzak.

Hala eta guztiz ere,

  • Ezinegona sortzen digu familia batek, erlijio eta kulturagatik, txerrikirik ez jateak, baina lasai asko joaten gara hanburgesa jatera atzerriko multinazional batera.
  • Zapi batek arriskuan jartzen ditu gure balio kulturalak, baina ‘black friday’, ‘halloween’, ‘nuggets’ eta horrelakoak erraz bereganatu ditugu.

Zergatik ohitura eta kultura batzuei ateak ixten dizkiegun bitartean beste batzuei besoak zabalik egiten diegu harrera?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide