Albisteak
Batzar Nagusiek berretsi dituzte bide berdea osatzeko aldundia eta Jaurlaritzaren arteko hitzarmeneko akordioak
— 2023-04-04Joan den urtean Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Sailaren artean Urolako trenbide zaharraren Zestoa eta Zumaia arteko zatia bide berde bihurtzeko ezarritako hitzarmeneko akordioek beharrezko foru-izapide guztiak gainditu dituzte, besteak beste, duela bi aste Foru Kontseiluak egindako onarpena eta joan den astean Batzar Nagusiek egindako berrespena. Horrela, abian jar daitezke ibilbide berde hori osatzen duten 38 kilometroetatik azken lau horiek gauzatuko dituen lizitazioa eta kontratazioa egiteko behin betiko izapideak.
Prentsa oharrez adierazi dutenez, izapide horiek nahitaezkoak ziren proiektuak lizitatzeko eta idazteko prozedurak hasi ahal izateko, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Foru Aldundian. Lankidetza-hitzarmen hori IƱaki Arriola sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak sinatuko dute berehala, eta Gipuzkoako lurralde historikoan dagoen eta azpiegitura osatuko duen bidegorri-sareari lau kilometro gehitzea aurreikusten du.
Urolako bide berdeak 29 tunel eta 19 zubi eta biaduktu ditu. Hitzarmenean jasotako jarduketa-tarteak berekin dakar zailtasun gehigarri bat, alegia, trazaduran egoera prekarioan dauden bi tunel izatea. Lehenengoak, Iraetako tunela bezala ezagutzen denak, 80 metro inguru ditu, ganga erorita dauka eta sarreretako bat buxatuta dago. Bigarrena Arroakoa da, 520 metro ingurukoa, eta bi sarrerak buxatuta ditu, barruko luiziek estalita, eta zuloa du azalean, 4 metroko sakonerakoa. ETS arduratuko da bi lurpeko pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta gauzatzeaz. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak, 450.000 euroko aurrekontua jarriko du aurten eta 1.819.075 eurokoa datorren urtean, berari dagozkion gainontzeko lanak egiteko.
Egin zaitez bazkide