Albisteak

Udalak aplikazio bat jarri du martxan intzidentziak jasotzeko

Zestoako U dalak herritarrengandik ahalik eta gertuen egoteko, komunikazio estrategia planaren barruan, “Zestoa Geuk Egina” aplikazioa jarri du martxan. Aplikazio hau mugikorrean instalatu dezake edozein herritarrek eta besteak beste, zestoarrek kalean ikus ditzaketen edozein intzidentziaren berri udalari zuzenean helarazteko balioko du. App-a deskargatzeko hainbat aukera daude, baina gomendagarriena Google Play eta App Store-etik zuzenean doan deskargatzea da.

Behin aplikazioa instalatuta, hiru tipologia daude; kalekoei dagokienean: argiteria, espaloia, hilerria, hondakinak, kaleko altzariak, parkea eta lorategiak, seinaleak eta semaforoak eta ura eta estolderiari buruzko intzidentziak bidaltzeko aukerak daude. Udal zerbitzuei dagokienean, berriz, arratoiak, kale garbiketa eta lorezaintza. Eta azkenik, abisuen atalean; abandonatutako animaliak, altzari eta gainerakoen bilketa, bandalismoa, zirkulazioa eta mugikortasuna, ibilgailuen kentzea…

Udalak, intzidentzia ireki duen herritarrari, app-aren bidez, informazioa bidaliko dio ematen diren pausu guztien berri emanaz.

Aplikazioan lehenetsi den hizkuntza euskara da. Gerta daiteke, mugikorraren hizkuntza ezarpenaren arabera, aplikazioa gazteleraz deskargatzea. Dena dela, behin aplikazioa deskargatuta erabiltzaileak nahi duen hizkuntza hauta dezake.

Instalatu App-a hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide