Albisteak

Gasteizko hilketa matxista salatu dute hainbat herritarrek

Urola Erdiko Itaiak deituta, igandean Gasteizen gertatutako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Zestoan. Itaiak “gogor salatu” du gertakaria eta “babes eta elkartasun osoa” adierazi dizkiote hildako emakumearen familiari eta haren ingurukoei.

Hemen irakurketa:

“Asteburuan izandako erailketa matxista salatzeko elkartu gara hemen, izan ere, emakume bat indarkeria zantzuekin hilda aurkitu dute Gasteizko apartahotel batean. Urola Erdiko Itaiatik gogor salatzen dugu aipatutako gertakaria, eta babes eta elkartasun osoa adierazten diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.

Emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogi dira bizi dugun errealitate sozialean. Horren adibide ditugu azken asteetako bi erailketa matxistak, baita jazo diren eraso matxista guztiak ere; Irunen, Lasarte-Orian nahiz Aiaran duela egun gutxi salatutakoak, esate baterako. Etsaiaren boterea mantentzeko funtzioa duen eta norma kultural bilakatu den ideologia matxistak, gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du. Hori dela eta, emakume langileon zaurgarritasun egoera baliatuta, gure aurkako erasoak etengabeak dira.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa zaigu indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak hedatzea, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeok egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatzea. Urola Erdiko Itaiatik, horretan lanean jarraitzeko konpromiso osoa adierazten dugu”.

 

Argazkiak: Urola Erdiko Itaia

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide